'Aitona Periko' ontziak irabazi du Kabra eta dontzeilen arrantza lehiaketa

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 3a, 14:30

Anade elkarteak antolatutako Kabra eta dontzeilen lehiaketa egin dute gaur goizean. Hamabi ontzik eman zuten izena, baina hamar atera dira arrantza egitera. Eguerdian, Kofradian egin dute pisatzea eta sari banaketa.

Ez dago udarik Zumaian Anaderen arrantza lehaiaketarik gabe. Abuztuarekin batera Kabra eta dontzeilen eta Arrain txiki arrantza lehiaketak antolatu ditu aurten ere Zumaiako elkarteak. 

Kabra eta dontzeilen 50. aldia jokatu dute gaur goizez, eta aldi borobila zelako-edo, azken urteotako dinamika hautsi, eta parte hartze polita izan du jarduerak. Hamabi ontzik eman zuten izena, nahiz eta azkenean hamar itsasoratu diren. Antolatzaileak gustura ziren parte hartzearekin. 

Goizeko 07:30ean atera dira portutik, behin katxaperoa bota eta gero, eta 12:30erako bueltan ziren. Parte hartzaile baten arabera, lehen ordua ez da arrantzarako ona izan "trapaila eta haizea zegoelako". Goizak aurrera egin ahala, baldintzak hobetu dira, eta arrantza saio polita egin dute. 

Hartutako arrainen pisatzea eta ondorengo sari banaketa Kofradian egin dute. Ohi den bezala, parte hartzaileez eta haien ingurukoez gain, bisitari ugari ere inguratu da plazatxoa arrainen pisaketa ikustera. Irabazlea Aitona Periko ontzia izan da, bigarren Eleuna sailkatu da, eta hirugarren Egutera

Honela geratu da sailkapena:

  1. Aitona Periko: 14.098.
  2. Eleuna: 13.343.
  3. Egutera: 11.937.
  4. Estebin: 9.345.
  5. Elkia: 6.760.
  6. Mamua: 5.546.
  7. Olaia: 5.206.
  8. Hasier: 4.597.
  9. Mamen 1: 4.210.
  10. Kaskabeltza: 3.630.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide