Foronda kultur etxean jaio eta hazi zen Zumaiako Musika Jaialdia, eta haren 41. aldian keinu bat egin nahi izan diote bere historiari. Hala, kontzertua programatu dute Forondako sarrerako lorategian. Emanaldi berezia izan da, ez kokapenagatik bakarrik, baita haurrei zuzendutako emanaldia izan delako. Etxeko txikiak hurreratu dira, baita haien familiarteko eta musikazaleak ere, eta denek ere Zumaiako Musika Bandak emandako kontzertuaz gozatzeko aukera izan dute.
Musika Jaialdira begira, Sergei Prokofiev pianista eta konpositore errusiarrak 1936. urtean sortu zuen Peru eta otsoa lana aukeratu du Joxe Mari Azkuek zuzendutako musika taldeak. Aurkezpenean azaldu duten bezala, estreinatu zuten unean porrot galanta suposatu zuten, baina urteak aurrera joan hala, klasikoa bihurtu da. Musika instrumentu bakoitzak ipuineko animalia bat irudikatzen du, eta istorio hori musikara eraman du herriko musika bandak, narratzaile edo kontalari baten laguntzarekin: Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarra aritu da istorioa haurrei hitzen bidez eramaten.