Uztailean urtero legez, Surfesta egingo dute Itzurunen bihar, larunbatarekin. Ziske Zumaiako surf elkarteak eta La Caixa fundazioak udalaren laguntzarekin antolaturiko egitasmoa da, eta aurten, inklusiorako gune bihurtuko dute hondartza.
Izan ere, ikastaroak egingo dituzte arratsaldean, 16:00etatik aurrera, eta lehen bi orduak behar bereziak dituzten pertsonei gordeko dizkiete, surfean trebatu daitezen. Behin gazte horiei zuzendutako saioak amaituta, beste ordubetez luzatuko dituzte ikastaroak, 19:00ak arte. Azken ordu hori surfean hasi nahi duen edonori zuzenduta egongo da.
DJ saioak, gero
Eguna behar bezala amaitzeko, Dantz Point egitasmoaren bitartez, DJ saioak izango dira Itzurunen bertan, 19:30etik aurrera. Herriko eta inguruko herrietako hainbat artista entzuteko aukera izango da: Goiko, Jara, Julen Lujan eta U. Bellamy DJak ariko dira, hain zuzen ere.
Musika elektronikoa eta garaikidea uztartuz ondareari balioa ematea helburu du Dantz Point egitasmoak. Gipuzkoan balio enblematiko, arkitektoniko eta natural handia duten espazioetan antolatu dituzte emanaldiak, musikaren laguntzarekin herritarrek beren ingurunearekin konekta dezaten.
Hernanin, Arrasateko Monterron parkean nahiz Donostian egingo du geldialdia jaialdiak uda honetan, Zumaiako emanaldiaz gain.