Emaitza onak lortzen jarraitzen du Irati Osa piraguista zumaiarrak. Duela hilabete, ekainaren hasieran, brontzezko domina eskuratu zuen Itxas Gaineko kirolariak maratoi modalitateko Europako txapelketan, K2an. Pasa berri den asteburuan, berriz, datorren irailean Hungariako Gÿor hirian jokatuko duten Munduko txapelketara jokatzeko txartela irabazi du.
Galiziako Pontesampaion jokatu dituzte pasa den asteburuan Munduko txapelketarako sailkatze estropadak. Europako txapelketako bikote bera izan du Osak Galiziako hitzorduan ere, Eva Barrios, alegia. Igandeko lehen orduan izan zuten proba, 26,2 kilometrokoa, eta hasieratik burua hartuta, bigarrengoarekiko 20 segundoko aldearekin irabazi zuten Osak eta Barriosek. Munduko txapelketarako bi txartel banatuko zituzten, eta lehena Osa zumaiarrarentzako eta Barrios zamorarrarentzako izan ziren. Tania Fernandez eta Tania Alvarez izan ziren bigarren eta haiek ere mundialera joateko aukera izango dute irailean.
"Sentsazio oso onak izan genituen hasieratik", azaldu du Osak. "Bagenekien aukera asko genituela sailkatzeko, Europako txapelketan hirugarren geratu ginen eta hungariarren atzetik". Behin helburua beteta, atseden hartuko duela esan du zumaiarrak, Hungariako txapelketarako prestatzeari ekin aurretik, "mundiala dut eta aurtengo helburu nagusia".