Azken txanpan dira Zumaiako Narrondo auzoko San Kristobal jaiak. Ostegunean hasi ziren herritarrak festak ospatzen, eta orduz geroztik, ez dute atsedenik izan. Izan ere, askotariko ekintzak egin dituzte egunotan.
Gaur, igandea, izango da festetako azken eguna, eta gaurko ere ekitaldi ugari prestatu dituzte. Goiz partean dagoeneko hasi da jendea auzora hurbiltzen, artisauek hainbat postu jarri baitituzte. Askotariko produktuak erosteko aukera izan dute auzotarrek nahiz bisitariek, baita taloa jateko parada ere. Bestalde, Jon, Jaione eta haien seme-alabek euskal kanten emanaldia eskaini dute eguerdian.
Arratsaldean segituko du jaiak; herri kirol erakustaldia eskainiko dute hainbat aizkolarik eta harri jasotzailek. Zehazki, Iker Vicente, Eneko Saralegi, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Ugaitz Mugerza ariko dira aizkoran; horiek hainbat lan egingo dituzte aizkorarekin, eta trontzan nahiz korrika ere ariko dira. Harri jasotzen, berriz, Ainize Zumeta, Maddi Gesalaga eta Paulo Ostolaza ariko dira. Halaber, trikiti doinuz alaituko du saioa Jagobak.
Hona hemen gaur arratsaldeko egitaraua:
- 18:00. Herri kirol jaialdia.
- Bitartean, Jagoba trikitilaria ariko da giroa alaitzen, eta taloak jateko aukera ere egongo da.