Aurten bai, aurten jokatu dute Itzurungo hondartza eta Arbustaingo arranpla arteko igeriketa saioa. Iaz bertan behera utzi behar izan zuten azken momentuan, ibaiko uraren kalitate txarragatik. Aurten, bero handiarekin eta itsaso mugituarekin aritu dira igerian proban izena emandako berrehun igeri inguru.
Eguerdiko 12:00etan abiatu dira lehorretik, Itzurun hondartzatik. Korrika saio labur baten ondoren, uretara sartu dira eta hondartza aurrean jarrita buia ezkerretik utzi behar izan dute, akaso zati gogorrenari ekiteko, hondartza eta barra arteko tarteari, Talaimendi albo batera utzita. Azken zatian errioan egin dute, korrontea alde zutela, Arranplara heltzeko.
Bandera horia zegoen gaur hondartzak, eta igerilari batek esandakoaren arabera, itsasoa lehorretik zirudiena baino mugituagoa zegoen. Hala baieztatu du beste igerilari batek, proba amaitu eta berehala. "Hondartzatik ateratzea kostatu zaigu. Gero, [Talaimendi ertzetik joatean] olatuak izan ditugu, baina azken metroak errioan erraz egin dira].
Azkar aritu da gizonetan garaipena lortu duen Haigor Aranguren donostiarra, probaren hiru kilometroak 36 minutu eta 12 segundoan egin ditu eta. Bigarren, Sergio Nieto izan da, 38:14 denborarekin, eta hirugarren Luis Goñi.
Emakumeetan ere Donostiara joan da garaipena, Irati Mendiaren eskutik. 45:30 denboran egin du proba igerilari donostiarrak. Bigarren Erika Amundarain sailkatu da, segundo eskasera (45:31), eta hirugarren Elena Otaegi azpeitiarra, 46:31 denborarekin.
Herriko igerilariei dagokiones, gizonetan lehena Telmo Mangas izan da, 39:28 denborarekin. Bigarren zumaiar onena Andoni Garcia izan da (40:52) eta hirugarren Gaizka Rodriguez (42:21).
Emakumetan, lehen zumaiarra Estibalitz Arriola izan da, 51:50 denborarekin, bigarren Ainhoa Urteaga (54:48), eta hirugarren Deñe Izaga (55:08).
Hemen ikus daiteke proba nagusiko sailkapena.
Umeen probak aurretik
Gaztetxoen igeriketa saioak egin dituzte proba nagusiaren aurretik, errioan. Batzuk 500 metroko distantzia egin dute Talaipe eta Arranpla artean, eta besteek 1.000 metrokoa Santiago hondartza eta Arranpla artean.