Zisheteroarauaren aurkako eta transfeminismoaren aldeko mezua zabaldu du Enorrek

Maria Maya Manterola 2025ko eka. 28a, 19:00

Argazkia: Maria Maya Manterola.

Ekainaren 28a "memoria eta politika egiteko eguna" dela uste dute Enorreko kideek. Jarrera irmoa erakutsi dute egunero jasan behar izaten dituzten mespretxuen aurrean, eta borroka transfeministaren aldeko mezua zabaldu dute.

Enor Zumaiako eta inguruko zishetero disidenteen asanblada transfeministak deituta, elkarretaratzea izan da gaur, ekainak 28, Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunez. Zisheteroaraua indarkeria da, gora borroka transfeminista leloa zeraman pankartaren atzean elkartu dira dozenaka lagun, Saregile plazan. 

Protestaren ondorengo irakurketan azaldu dute hamaika indarkeria jasan behar dituztela, nahiz eta "herriko kristal, horma eta ate askotan koloretako pegatinak eta banderak erakutsi". Faxismoaren gorakadaren aurrean kezka azaldu dute, eta transfeministak diren heinean, antiarrazistak ere badirela argi utzi dute. Baita justizia globalaren aldekoak ere: Israeli boikota egiteko beharra nabarmendu dute, Palestinaren askatasuna aldarrikatzearekin batera.

Ekainaren 28a "memoria eta politika egiteko eguna" dela uste dute Enorreko kideek, "ez baitzen eguna eskaparate batean sortu, errebolta batean baizik". Bestalde, egunero jasan behar izaten duten mespretxuaren aurrean, jarrera irmoa erakutsi dute: "Ez dugu bazterketaren gainean eraikitako normaltasun baten parte izan nahi". 

"Munduan egoteko beste modu batzuk" aldarrikatu dituzte, azkenik: "Ez gara gorrotoaren aurka borrokatzen ari; maitasuna, zaintza eta konplizitatea lantzen ditugu erresistentzia tresna gisa". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide