Atzotik San Pedro jaiak ospatzen ari dira Zumaian. Txupinazoa bota zuten atzo arratsaldean kirol eta kultur arloko zenbait herritarrek nahiz Tipi tapa programako parte hartzaileek, eta udalaren aitortza jaso zuten hala ikasturtean zehar egindako lanagatik. Iluntze partean, Malko eta Gozategiren kontzertuak izan ziren moilan, eta jendetza elkartu zen emanaldiak bertatik bertara ikusteko.
Gaur ere goizean goizetik jarduera ugari izango da. Tolosako dultzaineroek esnatu dute herria eguneko lehen orduetan, eta datozen orduetan, haurrentzako jolasak eta tailerrak, herri kirolak nahiz txaranga izango dira. Eguneko zita garrantzitsuena, ordea iluntzean etorriko da: 18:45ean Sagarbidetik abiatuko da danborrada, 20:00etarako udaletxera heldu eta bandera jasotzeko.