Eguraldia lagun, giro ederrean eman diete zumaiarrek hasiera San Pedro jaiei. Beste urte batez, kirol eta kultur arloko zumaiarren eskutik hasi dira festak, udalak urte osoan zehar egindako ibilbidea aitortu nahi izan baitie. Bertan izan dira Zumaiako Futbol Taldeko emakumezkoen taldea, Taosa Igeri Taldea, Anade ehiza eta arrantza elkartea, Pulpo Eskubaloia, Olarrusub, Telmo Deun arraun elkartea, eskola kiroleko ordezkariak, pala egokituko taldea, Ekain Albite zinemagilea eta Tipi tapa jarduera fisikoa sustatzeko programako parte hartzaileak.
Arratsaldeko 18:00etarako elkartu dira guztiak Mojaxarren Komentuaren parean, eta banaka deitu ditu suziriak piztera Aitor Manterola Kirol zinegotziak txupinak piztera. Bost suziri jaurtita hasi dira festak minutu gutxira, eta Jainekin txarangaren kalejira jaitsi da udaletxe paretik kalean behera. Txaranga kalez kale ibili da arratsalde partean, eta iluntzean jarraituko du festa giroak, Malko eta Gozategiren kontzertuekin.