Iaz agertoki berrIA estreinatu zuten San Pedro jaien barruan, Gozategik emango zuen kontzertuaren harira. Jendetza elkartu zen Txomin Agirre kaian, Txosnagunea jartzen den lekuan, Orioko taldearen kontzertua entzuteko. Pasa den urtean izandako arrakastaz ohartuta, Udaleko Kultura Sailak talde oriotarra berprogramatu du aurten ere, leku berean. Etzi izango da, ostiralez, kontzertua moilan.
Emanaldi horrek eragina izango du kaitik igarotzen den trafikoan. Izan ere, Txomin Agirre kaia itxi egingo dute trafikoarentzako Moilaberriko zubitik aurrera, 22:30etik 01:30era bitartean. Beraz, tarte horretan eten egingo dute kaletik igarotzen den trafikoa.
Udalak adierazi duenez, ez da herrira sartzerik izango aipatu ordutan. Horrek Ardantzabideko, paolaldeko, Amaiako plazako edo Larretxoko bizilagunei eragingo diete, ezingo dutelako autoekin etxeraino heldu. Gaineratu du udalak kale eta auzo horietatik ateratzeko beharra dutenei pasoa bideratuko zaiela.