Irene Iruretak jasoko du 2025ko sormen beka

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 24a, 10:57

Irene Irureta, proposatutako proiektuarekin. (Utzitakoa)

Haurrei zuzendutako pop-up album ilustratu bat sortuko du zumaiar ilustratzaileak, flyscharen historia geologikoa eta inguruko biodibertsitatea modu bisual eta interaktiboan azaltzeko.

Irene Irureta ilustratzaile eta artista zumaiarrak jasoko du Zumaiako Udalak emandako 2025eko sormenerako beka. 6.000 euroko laguntza jasoko du, eta haren bidez haurrei zuzendutako pop-up formatuko album ilustratu bat sortuko du, flyscharen sorrera eta historia geologikoa modu erakargarrian azaltzeko. Udalak azaldu duenez, proiektua oinarri zientifiko sendoaren gainean eraikiko da: Asier Hilario geologoaren lanetan eta Algorriko flyscharen garrantzian oinarrituko da, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen babesa ere jasoko du. Album horren bidez, udalak azpimarratu duenez, "biodibertsitatearen ezagutza modu ludiko eta interaktiboan helarazi nahi die irakurle txikiei, irudimena eta jakin-mina piztuz".

Proiektu berezia da Iruretak aurkeztu duena. Izan ere, jatorriz euskaraz sortutako pop-up album ilustratua izango da eta gaur egun ez dago halako lanik. Bestetik, artistak bere ikuspegi pertsonala eta estetikoa mantendu ditu lan horretan: ilustrazio guztiak eskuz egin ditu, gouache, koloretako arkatz eta akrilikoak uztartzen dituen tekniken bidez; mekanismo interaktiboak ere Iruretak berak diseinatu ditu, "irudiaren eta mugimenduaren arteko batasun eta lotura bermatuz".

Bost proiektu

2022an abiatu zuen Zumaiako Udalak sormen beka horiek. Aurtengo deialdira bost proiektu aurkeztu dituzte: film labur bat, ikerketa eta erakusketa proposamen bat, antzezlan baten sormen prozesua, ikuskizun eszeniko bat sortzeko prozesua, eta aukeratua izan den pop-up liburu bat sortzeko proiektua. Kultura batzordeko hiru ordezkarik, eta kultur arloko hiru adituk osatu dute epaimahaia. Denek ere aurkeztutako lanen kalitate ona nabarmendu dutela azpimarratu du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide