Ostiralaz geroztik Josean Legorbururen Ametsen lorategia bilduma ikusgai da Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan. Zarauztarra da Legorburu, baina Oikian du sorkuntzarako espazio bilakatu duen baserria: auzoa inguratzen duen natura koloretsua eta paisaia edenikoak mihise gainera eta hodi erraldoietara eraman ditu Legorburuk, eta pieza horiekin osatu du bilduma.
Maria Jose Aranzasti da erakusketaren komisarioa, Zumetarekin lan egindakoa, eta hark hautatu ditu aurrez jendaurrean erakutsi gabeko Legorbururen 40 bat lan. Paisaia erromantikoak dira guztiak ere. Naturan inspiratzen da Legorburu: "Paisaiak margotzen ditut, loreak... Kolore primarioak erabiltzen ditut, eta horrek indar handia eta kontraste bortitzak ematen dizkie margoei. Lehenago beste arlo batzuk landu izan ditut: bodegoiak, forma geometrikoagoak...". Baina, margoak ez ezik, eskultura ere landu du artista zarauztarrak. Goroldioz estaliriko hodi luzeak, esaterako: "Alabarekin lantzen ditut horiek. Goroldioa da hodia inguratzen duen ia guztia: tratatu egiten dut, lehortu, eta tindatu gero". Arrebarekin ere egiten du lan, obra digitalak sortzen. Artistak azaldu du abiapuntua argazki bat izaten dela. "Elkarrekin joaten gara argazkiak egitera, eta tratatu egiten ditugu horiek gero, kolorea aldatuta, adibidez. Arreba [Maria Jose Legorburu] arduratzen da alderdi teknikoaz: argazkiaren kolore batzuk aldatu eta zati batzuk garbitzen ditu", azaldu du.
Oikian sortzen 30 urtetik gora daramatza zarauztarrak. Erretiroa hartuta dago, eta egunero joaten da Oikiako baserri tailerrera. "Obligazio bat da niretzat. Esku artean proiekturen bat badaukat, dena den, lan gehiago egiten dut; konstantea izan behar da. Izan ere, lan asko egin dudanean izan dut inspirazio gehien. Egun txarra baldin badaukat, pintzelak garbitzen ditut; baina etorri, egunero etortzen naiz", dio.
Zumaiako erakusketa bukatu bezain laster, Huescara (Espainia) doa Legorburu azken lanak erakustera. Nahiz eta normalean ez den hainbeste mugitzen, "horrela egokitu" zaiola dio. Haren hitzetan, lehen arte galeria gehiago zeuden, baina horien lekuan, orain, "gimnasioak besterik ez" daude. "Lehen bazegoen giro artistikoago bat, baina igaro dira garai horiek. Erakusketetara ere jende gehiago bertaratzen zen", iritzi dio. Aitortu du lehen lan gehiago egiten zuela enkarguz, baina ez dela "bila joaten den horietakoa": "Patxadatsua naiz gauza horietarako, ez naiz tematiegia".
Uztailaren 6ra artean ikusi ahal izango dira Legorbururen lanak. Egunero zabalduko dute Alondegiko Oxford aretoa 18:30etik 20:30era, eta asteburuetan, eguerditan ere bai, 12:30etik 14:00etara.