Suak beste behin liluratu ditu herritarrak

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 24a, 08:00

Suak piztu zituzten atzo gauez herrian, lehenbizi Sanjuaniturrian eta ondoren Gernika parkean.

Ohiturari jarraituz, San Juan egun bezperarekin batera suak piztu zituzten herri leku desberdinetan. Gizartea erabat aldatu bada ere, suak gizakiengan sortzen duen lilurak bere horretan jarraitzen du, eta ehunka lagun inguratu ziren Sanjuaniturrira lehenbizi, eta Gernika parkera jarraian. 

Gaueko 10:00etan piztu zuten sua alde zaharrean. Ohikoa den bezala, Uriarteko jauregitik ateratako egurra erabili zuten sua pizteko, eta haren bueltan aritu ziren dantzan Musika eta Dantza Eskolako euskal dantzetako ikasleak, Txistulari Bandak jotako musikarekin. Gazteenek izan zuten urteko apunte eta eskolako liburuak sutara botatzeko aukera, baita zaharragoek suaren gainean salto egitekoa ere.

Ordubete beranduago, 23:00etan, Ekhi gaua egin zuten Gernika parkean. Han ere sua piztu zuten, eta haren bueltan izan ziren dantza egiten Astindu dantza elkarteko kideak. Inpernupeko joaldunek, eta txalaparta eta adar jotzaileek ere parte hartu zuten ekitaldian. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide