Lan egiteko aukera izango dute herriko taldeek Euskal Jai egunean

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 23a, 14:10

Iazko Euskal Jai eguneko une bat. (Juan Luis Romatet)

Abuztuaren 8an izango da Euskal Jai eguna, eta bazkari herrikoia zerbitzatzeko, eta sagardo dastaketan edalontziak banatu eta edaria ateratzeko lana izango da. 

Abuztuko bigarren ostiralean egingo da Euskal Jai eguna Zumaian, abuztuaren 8an, alegia. Udaleko Kultura Saila hasia da dagoeneko egun horretarako egitaraua prestatzen. Aurreko urteetan egin bezala, herriko talde, elkarte edota klubei zuzendu zaie egun horretan lan egiteko. Egitarauaren barruan, herri bazkaria eta sagardo dastaketa izango dira, eta bietan ere taldeentzako moduko lana aurreikusi dute.

Bazkari herrikoiaren kasuan, talde batentzako lana aurreikusi dute. Lan honetako ezaugarri nagusia da 400 laguni herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria atera, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, eta baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak.

Arratsaldean, berriz, sagardo dastaketa egingo dute. Hamar sagardotegitako sagardoa eskainiko dute, eta horretarako aurrez edalontziak salduko dira. Hala, taldearen lana izango da egun horretan postuak ezartzea, edalontziak saldu eta sagardoa banatzea, eta aurrez eta ondoren beharrezko lanak egitea.

Interesdunek izena eman beharko dute Alondegia kultur etxean (943-86 10 56 / kultura@zumaia.eus) uztailaren 11 baino lehen. 

Izen ematearen arabera taldeei bilera batera dei egingo zaie eta beharrezko azalpenak eman. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide