Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatuta, Gerraren eta faxismoaren aurkako eguna egin zuten atzo herrian. Ekintzetako batzuk Etxape zentro sozialistan izan ziren, beste batzuk Torreberri gaztetxean, eta kalera ere atera ziren.
Autodefentsa tailerrarekin hasi zuten eguna, eta eguerdian mahai ingurua egin zuten "gerraren eta faxismoaren gorakada" ardatz hartuta. Elkarrekin bazkaldu ondoren, karropoteoa egin zuten herrian zehar, eta iluntzean Palestinaren aldeko elkarretaratzea izan zen. Eguna kontzertuekin amaitu zuten: Eztanda, Akëer, Garraio eta DJ Xexek jarri zuten giroa.
Antolatzaileen ustez, beharrezkoak dira atzokoa bezalako jarduerak herritarrak kontzientziatzeko eta egoera iraultzeko: "Azken egunetako berriek argi erakusten dute: gerra gero eta presenteago dago, eta horren normalizazio prozesua ematen ari da. Bestalde, ideia atzerakoiak (arrazakeria, homofobia, matxismoa, transfobia...) ere gazteon artean gero eta ohikoagoak dira. Gure egitarauak balio izan du horren guztiaren aurkako ideiak zabaltzeko; alegia, eskualdeko gazteon politizazioa bultzatu eta kapitalismoa arazoaren erroa dela seinalatzeko".