Giro aparta maratoi modalitateko Euskadiko Piraguismo Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 21a, 18:22

Itxas Gainek antolatuta, 11 klubetako 70 piraguista lehiatu dira gaur eguerdian itsas kiroldegi aurretik abiatuta. Etxekoek hainbat domina lortu dituzte gaurkoan ere.

Maratoi modalitateko Euskadiko Piraguismo Txapelketa jokatu dute gaur 70 piraguista inguruk Zumaian, itsas kiroldegitik abiatuta.11:30ean hasi da lehia, eta zale ugariren animoak jaso dituzte partaideek eramateetan. Itxas Gain elkarteak antolatu ohi du proba hori, eta jan-edanerako txokoa ere jarri du kiroldegi ondoan, nahi zuenak pintxo, edari, bizkotxo eta kafea har zezan. Hala, giro polita sortu da kirol probaren aitzakian.

Kadete, jubenil, senior eta beteranoen kategorietan jokatu dute txapelketa 11 klubetako kirolariek: toki askotatik etorri dira horiek; gehienak Gipuzkoatik –Irun, Pasaia eta Donostia– eta Bizkaitik –Getxo, Barrika eta Plentzia–, baina baita Espainiatik eta Galiziatik ere, proba irekia zenez: Madrildik, Logroñotik, Santoñatik eta Lugotik, hain zuzen.

Kadeteek 14 kilometroko distantzia bete dute hiru eramate edo porteorekin; jubenilek eta beteranoek 17 kilometro, hiru eramaterekin; eta seniorrek, berriz, 20 kilometro egin dituzte, lau porteorekin. 

Irteera, helmuga eta porteoak Itsas kiroldegi aurrean egin dituzte, eta ziabogak emateko buiak errioan behera moila parean jarri dute, eta errioan gora eginda, lehen bira luzean Beduan, eta ondorengoetan trenzubiaren jarraian.

Itxas Gainek gaurkoan ere emaitza aipagarriak lortu ditu. Seniorretan, urrea eskuratu dute Martin Egañak eta Irati Osak K1ean; eta K2n Iñaki Fernandezek eta Haritz Aizpuruak eta Josefa Molinak eta Iñigo Loisek. 23 urtez azpikoetan Eider Amundarainek ere urrea eskuratu du K1ean, baita beteranoetan Eñaut Aizpuruak eta Iñaki Unanuek ere K2n, eta jubeniletan Asier Aizpuruak, K1ean. Kadeteetan ere bi urre lortu dituzte, K1ean Amaia Aizpuruak, eta K2n Noa Bufornek eta Uxue Ezenarrok. Zilarrezko bi domina ere egon dira: Aimar Amundarainek lortu du seniorretan K1ean, eta Oihan Irizarrek jubeniletan, K1ean. Kategoria eta modalitate berean, brontzea eskuratu du, azkenik, Xabat Bergarak.

Sailkapen guztiak esteka honetan daude ikusgai.

Bihar, itsas kayak zeharkaldia

Bihar, berriz, Zumaia-Sakoneta-Zumaia itsas kayak zeharkaldia jokatuko dute, eta ohi bezala, Gipuzkoako Txapelketa ere izango da proba hori

13:00etan aterako dira, eta behin Sakoneta parean buelta eman eta gero, herrira itzuliko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide