Sanpedroetako egitaraua aurkeztu dute udalak eta eragileek

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 20a, 18:51

Zumaiako Udaleko eta herriko elkarteetako ordezkariak, sanpedroen egitarauaren berri emateko ateratako talde argazkian. (Zumaiako Udala)

Gaur eman dute ekainaren 27tik 29ra ospatuko dituzten San Pedro festetako ekintzen berri. Aurten, besteak beste Gozategi, Malko eta Puro Relajoren kontzertuak izango dira.

Egitarau oparoa prestatu dute aurten ere Zumaiako Udalak eta eragileek San Pedro festetarako, eta horren berri eman dute gaur, prentsa ohar bidez. Ohi bezala, ekainaren 27tik 29ra ospatuko dituzte sanpedroak, ostiraletik igandera, eta askotariko ekintzak prestatu dituzte hiru festa egunetarako.

Udalarekin batera, herriko elkarte askok parte hartu dute festen prestaketan, eta horiei guztiei eskerrak eman dizkie. Hain zuzen, elkarte horietako ordezkariekin atera dute gaur talde argazkia.

Udalak herritarrak festaz gozatzera deitu ditu, baina era berean, "festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera" ere deitu ditu. Horrekin batera, "kontsumo arduratsurako" deia egin die herritar guztiei.

Jaien berri emateko esku orria ere banatu du udalak etxez etxe, eta esku orri horretan, udako programazioaren berri ere eman du.

Honakoa da aurtengo San Pedro jaietako egitaraua:

Ekainak 27, ostirala

  • 17:30. Odietan herri mailako esku pilota txapelketako finalak.
  • 18:00. Udaletxe aurrean txupinazoa eta jaien hasiera.
  • 18:00. Jainekin txarangaren kalejira.
  • 19:00. Torreberriko aterpean haur antzerkia Tik-Tak.
  • 21:30. Moilan kontzertua: Malko (Katapulta Tour).
  • 23:00. Moilan kontzertua: Gozategi. 

*Oharra: Txomin Agirre kaia itxita egongo da (Moilaberri zubi paretik aurrera), 22:30-01:30 bitartean, moilan kontzertuak daudelako.

Ekainak 28, larunbata

  • 09:00. Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 11:30-13:30. Kantauri plazan haurrentzat jolasak eta tailerrak.
  • 12:00. Odietan Emakumeen Binakako VII. Pala Txapelketako finalak.
  • 12:30. Eusebio Gurrutxaga plazan hasita, Iraunkorrak txarangaren kalejira.
  • 13:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, herri kirolak.
  • 17:45. Zumaiako Beteranoen XI. Estropadak.
  • 18:00. Udaletxe aurrean erraldoi eta buruhandien kalejira Tolosako Dultzaineroek lagunduta.
  • 18:30. Erriberan hasita, Iraunkorrak txarangaren kalejira.
  • 18:45. Sagarbidetik abiatuta, sanpedroetako danborradaren irteera: Otezuri , V. Arrate, Aita Mari auzunea,  I. Zuloaga plaza, udaletxea, parrokia, Ondartxo, Erribera kalea, Eusebio Gurrutxaga plaza.
  • 19:00. Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 20:00. Udaletxean, herriko bandera jasotzea.
  • 22:00. Amaia plazan DJ saioa: DJ Loti eta DJ Maitx.
  • 22:30. Eusebio Gurrutxaga plazan kontzertua: Puro Relajo.

Ekainak 29, igandea, San Pedro eguna

  • 09:00. Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 11:00. Prozesioa eta, ondoren, meza nagusia San Pedro abesbatzak abestua.
  • 11:00. Ondartxo plazan, judo erakustaldia Kodaore judo elkartearen eskutik.
  • 11:30. Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 12:30. Kitadelpare txarangarekin kalejira.
  • 13:00. Eusebio Gurrutxaga plazan ZUMB Musika Bandaren kontzertua.
  • 16:00. Aitzuri pilotalekuan San Pedro zesta punta txapelketako finalak.
  • 17:30. Amaia plazan hasita, Buztintxuriko erraldoien kalejira.
  • 18:30. Kitadelpare txarangarekin kalejira.
  • 18:45. Kofradian haurrentzat ikuskizuna, Yago magoarekin.
  • 20:00. Eusebio Gurrutxaga plazan Zumaiako Musika Bandarekin dantzaldia.
  • 23:00. Su artifizialak, Vulcano Piroteknia etxearen eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide