Dantz Point egitasmoak geldialdia egingo du Itzurun hondartzan

Intza Trula 2025ko eka. 18a, 16:00

Dantz Point egitasmoaren aurkezpen ekitaldia. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Musika elektronikoa eta garaikidea oinarri hartuta ondareari balioa ematea xede duen egitasmoa da Dantz Point. Uztailaren 19an egingo dute Zumaian, eta hainbat artistek parte hartuko dute bertan: Goiko, Maitx, Julen Lujan, Josu Aranburu eta Zatibi DJek, esaterako.

Musika elektronikoa eta garaikidea uztartuz ondareari balioa ematea helburu du Dantz Point egitasmoak. Aste honetan ezagutarazi dute aurtengo kartela, eta agertokietako bat Itzurungo hondartza izango da: uztailaren 19an egingo dute ekimena bertan, hain justu ere.

Hala, musika mota hori oinarri duten herriko hainbat artista zuzenean entzuteko aukera egongo da egun horretan; hala nola Goiko, Maitx, Julen Lujan, Josu Aranburu eta Zatibi DJek eskainiko dute saioa. Halaber, oraindik izenik eman ez badute ere, antolatzaileek aurreratu dute beste zenbait artista ere batuko direla musika festara.

Gipuzkoan balio enblematiko, arkitektoniko eta natural handia duten espazioetan antolatu dituzte emanaldiak, musikaren laguntzarekin herritarrek beren ingurunearekin konekta dezaten. Ekainaren 21ean ekingo diote zirkuituari, Hondarribiko harresietan, eta Zumaiakoa hirugarren geltokia izango da.

2019an du sorburua Dantz Point egitasmoak. Urtez urte indarra hartzen joan da, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren laguntzari esker.

Datak:

  • Ekainak 21: Hondarribiko harresiak. Artistak: Galiano, Pizky, Costes B2B Orphidal eta Monile.
  • Ekainak 28: Santa Ana Parkea, Bergara. Artistak: Ederos B2B Pa!n, Santa Klaux eta Anomalia B2B Murabe.
  • Uztailak 19: Itzurun hondartza. Artistak: Goiko, Maitx, Julen Lujan, Josu Aranburu, Zatibi eta beste hainbat artista izango dira bertan.
  • Uztailak 18: Ave Maria Parkea, Hernani. Artistak: Santech, Bitter, Ama eta Tom Karobi.
  • Irailak 20: Monterron parkea. Orain arte baieztatutako artistak: Pizky eta BRG.
  • Donostia: data, espazioa eta artistak zehazteke.

Hala eta guztiz ere, antolatzaileek argitu dute data eta toki berriak zehazten joango direla datozen asteetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide