Mugikortasuna hobetzeko ekintza plana zehaztu dute

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 18a, 09:47

Ibilgailuak Foruen plazan. (Juan Luis Romatet)

Oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzea dute helburu. Alde Zaharrerako plan integrala jasotzen du uztaileko udalbatzarrean aztertuko duten dokumentuak.

Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana diseinatzeko prozesua abiatu zuen Zumaiako Udalak iazko maiatzean. Izenak berak adierazten duen moduan, aipatu planak mugikortasun jasangarria planifikatzeko oinarriak jartzen ditu, garraio publikoaren, bizikletaren eta oinezkoen mugikortasun moduak sustatuz. Urtebetez diagnostikoa egin eta pasa den asteko ekintzak lehenesteko tailerraren ondoren, uztaileko udalbatzarrean planari behin-behineko onarpena eman nahi dio udalak. Jarraian, helegiteak aurkezteko epea zabalduko dute, udazkenean, eta urte amaiera baino lehen behin betiko onarpena jasotzea aurreikusten dute. Plana, berez, datozen bost urteetan garatzeko dago diseinatuta. 

"Agintaldi hasieratik garbi genuen plana egin behar genuela. Baina ez da gure kapritxoa; Europatik datorren agindu bat da, eta 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerri guztiek egin behar dute", dio Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak. "Beharra ikusten genuen. Gainera, mugikortasuna asko lantzen da Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean [HAPO], baina beharra ikusten genuen oraindik gehiago xehatzeko", gaineratu du. Oinarriak ere Europatik jaso dituztela argitu du; "oinezkoetan eta bizikletetan zentratu" dira, "autoak alde batera utzita hiriguneetan". 8-80 begirada aplikatu dute: "Hau da, 8 eta 80 urteko pertsonak hirian eroso ibiltzeko oinarriak jarriko ditugu", gaineratu du. 

Tech Friendly eta Buchanan Consulting enpresek elkarlanean egin zuten eremu ikerketa, eta datu haiekin osatu zuten diagnostikoa. Ondoren, zazpi estrategiaz osatutako ekintza plana prestatzen joan ziren. 

Estrategia horien artean, Alde Zaharrerako proiektu integrala jasotzen da: autoen abiadura orduko hamar kilometrora jaitsiko dute, ibilgailu astunen joan-etorria mugatuko dute eta trafikoa lasaitzeko elementuak ere jarriko dituzte. Horrekin batera, kaleak ere berrurbanizatuko eta egokituko dituzte, eta irisgarritasuna hobetzeko igogailu bat jarriko dute, Erribera eta Olazabal kaleen artean. 

Etxezarretaren eraldaketa

Oinezkoen mugikortasuna hobetze aldera, Patxita Etxezarreta kalea eraldatzeko proiektua ere jasotzen du ekintza planak. "Garbi geneukan Etxezarreta kalean esku hartu behar genuela. Errepide nazional izaera mantentzen du, baina berez ez da. Autoek abiadura handia hartzen dute. Herriko kale nagusietako bat da, eta jende asko bizi da bertan. Saltoki asko ere badaude, eta batetik bestera pasatzeko erraztasunik ez da egoten", azaldu du zinegotziak. Kale bihurgunetsua sortzea du helburu udalak. "Hala, zuzenbiderik ez ikustean, autoek ez dute abiadura handia hartuko".

Aita Mari auzunerako ere antzerako irtenbide bat planteatu dute, baina, kasu horretan, behin-behinekoa izango litzateke. "HAPOk Aita Mari futbol zelaiaren lekualdatzea jasotzen du. Hori gertatu arte, behin-behineko lanketa egingo da, mugi daitezkeen elementuak jarriz". 

Bidegorri sarea osatzea ere jasotzen du mugikortasun planak, bai herri barruan, baina baita hirigunetik kanpo ere. Hala, epe laburrean lotura txikiak garatu asmo dituzte herri barruan. Epe ertainean, berriz, zabalkuntza prozesua abiatu nahiko lukete, "Oikiara, Artadira eta industrialdeetara", eta epe luzera helburua herrien arteko konexioa garatzea izango litzateke, bai Zestoarekin, baita Getariarekin ere, bidegorrien bitartez.

Geraleku berriak

Garraio publikoa sustatzeko lanketa ere jasotzen du ekintza planak. "Auzoetarako edo industrialdeetarako autobusik ezingo dugu jarri, baina zerbitzu hori taxien bidez egingo dugu". Horretarako, taxien ordenantza berria idaztea eta ibilgailu horientzako geraleku berriak ezartzea dute helburu. 

Garraio publikoarekin lotuta, hiriguneko autobus geralekuak hobetzea ere aztertu dute, markesina handiagoak eta zolu irristagaitzak ezarriz. Horrez gain, Txomin Agirreko, Etxezarreta kaleko edo Oikiako geralekuen kasuan, geldialdia zuzenean zirkulazio erraian egitea nahi dute, espaloia handituz eta autobusean modu seguruan sartzeko baldintzak hobetuz. 

Alde Zaharretik kanpo aparkaleku kopurua handitzea, TAO sistema berrantolatzea edo ibilgailu pisutsuen sarbidea arautzea ere jasotzen ditu ekintza planak, baita auto elektrikoak kargatzeko gune publikoak jartzea ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide