Hiru egunez jatetxe bihurtu dute  Zumaiako Herri Eskola

Juan Luis Romatet | Maria Maya Manterola 2025ko eka. 17a, 09:30

Proiektuan parte hartu duen ikasle talde bat, irakasleekin. (Juan Luis Romatet)

LH2 mailako ikasleek jatetxe bat zabaldu dute eskolan, elikadura eta beste zenbait gai lantzeko. Etxekoak izan dituzte bezero; olagarroa patatekin eta porru pastela prestatu dizkiete.

Elikadura ardatz hartuta, proiektu bat landu dute Zumaiako Herri Eskolako LH2 mailako ikasleek. Aitzakia izan da elikadura gai horren bueltako askotariko lanketak egiteko: elikagaien jatorriaz, sailkapenaz eta elikadura osasungarriaz aritu dira, besteak beste, eta proiektuari amaiera emateko, jatetxe bat zabaldu dute hiru egunez eskolan bertan.

Jatetxea zabaldu ahal izateko, zenbait bisita egin dituzte. Herriko dendetan izan dira elikagaiak hautatzen eta saltokien funtzionamendua ezagutzen, eta jatetxeetan ere bai, gurasoei eskaintzeko menuak diseinatzeko gero. Proiektuaren arduradunak azaldu duenez, idazketa lantzeko baliatu dute errezeten eta menuen diseinua, eta komandak betetzeko nahiz ordainketak egiteko txantiloiak ere sortu dituzte. Hala, «arlo guztiak» ukitu dituzte proiektuarekin; matematika, plastika nahiz idazketa. 

Ikasgela bakoitzak egun bat izan zuen bere zerbitzua etxekoei aurkezteko. Gurasoak, anai-arrebak nahiz aitona-amonak gonbidatu zituzten eskolan propio zabaldutako jatetxera, eta etxeko txikiek zerbitzatu zituzten. Sukaldari aritu ziren batzuk, zerbitzari besteak, eta ordainketak egiten ere bai batzuk. Olagarroa patatekin edota porru pastela izan dituzte aukeran lehenbiziko plateretan, eta gazta nahiz fruta brotxetak azkenburu gisa. 

Prestaketa eta zerbitzua

Zerbitzuaren orduan bakarrik ez, bezeroak bertaratu aurretik ere zenbait egiteko izan zituzten ikasleek. Bezperan hurrengo eguneko taldearen patatak zurituta utzi, eta egunean bertan, jatetxea zabaldu eta mahaiak prestatzen zituzten. Entseguak ere egin zituzten jatetxe bat –Artadiko Hamarratz jatetxea– bisitatu ondoren, gurasoei-eta harrera egiteko gomendioak eskatzeko. 

"Urduri, baina gogotsu" aritu dira haurrak, irakasleen hitzetan. Irakasle batek beste eskola batean jarri zuen martxan proiektua aurrez, eta "errepikatzeko gogoz" zegoela jakinarazi dute, zentro horretako irakasle zein ikasleei "asko gustatu" zitzaielako lanketa. 

Liburuak utzita

Liburuak alde batera utzi, eta "praktikotasuna eta errealitatea" bilatu dituzte proiektuaren bitartez. "Lehen idazteko gogorik ez zeukanak ere gogoz idatzi du, eta kezkatu egin da zuzen idazteaz", azaldu dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide