Iaz itsas animalien inguruko lanketa egin zuten Zumaiako Herri Eskolako batxilergoko ikasleek, Donostiako Aquariumarekin elkarlanean. Lan horiek guztiak Txikipedia proiekturako sotu zituzten, baita Alondegiko Oxford aretoan erakutsi ere. Iazko esperientziak izandako harrera ona ikusita, 2024-2025 ikasturtean lanketa errepikatzea erabaki dute, itsasotik lurrera pasatuz.
Oraingo honetan Pagoetako natura parkearekin batera egin dute lanketa, eta Euskal Herriko landare mehatxatuak aztertu dituzte Herri Eskolako batxilergoko 1. urteko ikasleek. "Pagoeta natura parkeak mehatxatutako landareen zerrenda bat pasa digu, eta haren inguruan aritu dira lanean", adierazi du Mikel Fernandez Arroiabe irakasleak. Guztira, proiektuan 50 bat ikaslek parte hartu dutela ere gaineratu du. "Geologia eta biologiako ikasleek Txikipediarako artikuluak idatzi dituzte, marrazketa artistikokoek artikuluetarako marrazkiak egin dituzte, eta latinekoek izen zientifikoekin egin dute lanketa", informatu du irakasleak.
Txikipediarako 39 artikulu sortu dituzte, eta horietatik 35 erakutsiko dituzte Oxforden. "Marrazkiak dituzten artikuluak ekarri ditugu hona", azaldu du Herri Eskolako Txikipediaren arduradunak. Horiek guztiak Landare itsutasuna izeneko proiektuan bildu dituzte. "Biologiako kontzeptu bat da landare itsutasunarena, eta esan nahi du arreta gehiago jartzen dugula animalietan landaretan baino. Landare horiek paisaiako parte bezala ikusten ditugu, baina ez dugu bakoitza identifikatzen".
Posterra
Ikasleek egindako marrazkiekin poster bat ere sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pagoeta natura parkearen arduradunak. Posterrak QR kode bat darama, eta hura eskaneatuz gero, Txikipedia proiektua hartzen duen Wikipediako orrira eramaten du.
Erakusketa gaurtik igandera arte bisitatu ahal izango da Alondegiko Oxford erakusketa aretoan, arratsaldez 18:00etatik 20:00etara. Bihar eta etzi, larunbatean eta igandean, eguerditan ere zabalduko dute, 12:00etatik 14:00etara bitartean.