Ane Osa eta Jule Gorostola: "Hainbeste disfrutatu dugu aurten, gozatzen bukatu nahi dugu"

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 11a, 11:00

Ane Osa eta Jule Gorostola, Zumaiakoko jokalariak. (Juan Luis Romatet)

Ia bi hamarkada daramatzate Zumaiako futbol taldean jokatzen. Erregional taldeko kapitainak dira, eta denboraldi honen amaierarekin batera bukatuko dute futbolari emandako ibilbidea.

Bizitzaren zati handi bat eskaini diote Ane Osak (Zumaia, 1996) eta Jule Gorostolak (Zumaia, 1997) futbolari. «10-11 urterekin hasi ginen futbol eskolan, eta orain arte. Borobilduz, hogei bat urte egin ditugu kirol hori praktikatzen». Datorren igandean jokatuko du Euskal Ligara igotzeko play-off-eko azken partida emakumeen Erregional mailako Zumaiakok Dulantzin (Araba), eta azken uneko aldaketarik ez bada, haren amaieran futboleko ibilbideari amaiera emango diote bi kapitainek.

Biok zarete taldeko kapitainak eta biok batera utziko duzue futbola. Elkarrekin hartutako erabakia izan al da? 

Ane Osa: Dezente urte generamatzan gaiari bueltaka; ez futbola laga nahian, baina ikusten genuen erreleboa bazetorrela. Ikusten genuen, une batean edo bestean, momentua iritsiko zela. Denboraldi ona egin dugu, eta zer hobeto orain uztea baino.  

Denboraldi bikaina ari da izaten zuentzako. 

A.O.: Oso ona, azken urteotako onena. Emaitzak alde batera utzita, talde barruan dagoen giroagatik ere bai.  

Jule Gorostola: Azkenean, urtetik urtera taldea aldatzen joaten da. Batzuk joan egiten dira, besteak etorri. Baina azken urteetan blokea mantendu egin da. Gazteak etorri dira, baina zaharrok ez dugu utzi. Betiko jendea dago azken urteotan.  

A.O.: Urtero helburu bat izan dugu: ahalik eta goren amaitzea. Aurten, aukerak zeudela ikusita, helburua zen lehen edo bigarren postuetan ibiltzea. Denok hori barneratuta genuen, eta uste dut horregatik lortu dugula. Zumaiakok duen gauza on bat da, nesken taldean behintzat, beste taldeekin alderatuta, beti giro ona dagoela. Beste talde batzuetan ez da hori ikusten, agian presio handiagoa dutelako edo lehiakorragoak direlako. Donostialdeko talde asko, esaterako, selekzioak dira. Zumaian, berriz, herriko jendea gara. Oso ondo moldatzen gara elkarrekin, eta horrek ere lagundu du.  

Mailaz igotzeko helburua ba al zenuten denboraldi hasieran? 

J.G.: Mailaz igotzekoa ez, ez genekien-eta beste taldeak nola ibiliko ziren. Urtean zehar ikusten joaten gara nola gabiltzan eta beste taldeek zer emaitza lortzen dituzten. Ikusten genuen agian aurtengoa igoerako urtea izan zitekeela. Lehen helburua ez zen igotzea, baina espero gabe heldu gara puntu horretara; ikusita zer urte egiten ari ginen, borrokatzeko unea zela pentsatu genuen.  

Ligako azken jardunaldian erabaki zen igoerako kanporaketa jokatuko zenutela.  

A.O.: Irabaztera atera ginen, bai ala bai. Irabazi izan ez bagenu, kanpoan geratuko ginatekeen. Baina bolada onean geunden, eta gainera etxean jokatzen genuen; horrek asko laguntzen du. Otsailean seigarren postuan geunden, eta, gero, lehen postutik seigarrenera bitartean dantzan ibili gara.  

J.G.: Talde asko geunden puntu gutxiren bueltan; sei edo zazpi talde puntu bat edo biren bueltan. Jardunaldi guztietan aldatzen zen sailkapena.  

A.O.: Gipuzkoako Futbol Federazioak gutun bat bidali du klubetara esanez denboraldi honetan azken urteetako lehiakortasun handiena izan dela. 

Zaleen bultzada nabaritu al duzue? 

J.G.: Gu futbolean hasi ginenean ez zen hainbeste jende mugitzen. Ordutegi aldetik, lehentasuna mutilen taldeek izaten zuten. Azken hilabeteotan, santelmoetatik hona, zerbait jokoan zegoela ikusi dutenean, jendea etorri da animatzera, eta hori eskertzekoa da. 10-11 urteko neskak ere etorri izan dira, pankartekin eta, gu animatzera.  

Igoera faseko lehen partida aise irabazi zenuten. Asko okertu beharko luke kontuak mailaz ez igotzeko, ezta? 

A.O.: Berez, bai. Gu dena ematera joango gara, ordea, gehiegi fidatu gabe, final bat izango balitz bezala. Izan ere, finala da. Edo igotzen gara, edo ezer ez. Hor erabakiko da guztia. 

Ikusita igotzeko aukera handiak dituzuela, taldea uzteko erabakia birplanteatu al duzue? 

J.G.: Euskal Ligan jokatzeko edo maila hori probatzeko arantza beti hor geldituko zaigu. Baina bion erabakia ez da etorri fisikoki nekatuta gaudelako. Kontua da futbolak ordu asko eskatzen dituela, eta biok Osakidetzan lan eginda, ditugun ordutegiekin, denbora falta zaigula. Asteburu batzuetan, esaterako, agian lanik ez dugu izaten, baina bai partida.   

Osakidetzan egiten duzue lan. Bateragarriak al dira lana eta, kasu honetan, futbola? 

A.O.: Azkenean, konpromiso kontua da. Askotan gauez lan egin dugu eta segidan joan gara partida jokatzera. Norberarekin lasai egoteko egin izan dugu hori batez ere, inork ez gaitu-eta behartu.  [Euskal Ligan] Bidaiak ere luzatuko dira, Bizkaira eta Arabara joan beharko dugulako. Nik, behintzat, ezingo nuke moldatu horretara.

J.G.: Gertatu izan zaigu Mendaroko Ospitalean [Gipuzkoa] gaueko txandan lan egitea biok, eta hurrengo goizean partida izatea. Futbolean segiko bagenu, neurri batzuk hartuta izan beharko luke, urrutira joan gabe. Baina, nire burua ezagututa, ez dut posible ikusten. Hainbeste disfrutatu dugu aurten, gozatzen amaitu nahi dugu. Pena ematen digu, azken finean, urte asko daramatzagu futbolean eta. Baina lotura ez da galduko. Taldean oso gustura gaude, eta pena handiarekin, baina utzi egingo dugu. 

Bizitza osoa daramazue elkarrekin. Jule, zer da Ane zuretzako? 

J.G.: Niretzako eredu bat izan da. Denerako prest dago, eta entrenatzaileak esan zuen bezala, Zumaiakoko emakumeen liderra izan da.  

Ane, eta Jule zuretzako? 

A.O.: Euskarri bat, futbolean eta futboletik kanpo. Begiratu batekin badakizu zer pentsatzen duen, eta zer nahi duen esan. Hainbeste urte daramatzagu elkarren ondoan, hitzik ez dugula behar elkar ulertzeko. Niretzako eredu bat izan da, lider bat eta kapitain handi bat. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide