Leire Esnal kirolari zumaiarra Torreviejan (Herrialde Katalanak) izan da pasa den asteburuan, hiri hartan jokatu den erkidegoen Espainiako txapelketa jokatzen. Adimen urritasuna duten kirolarien txapelketa modalitate desberdinetan jokatu dute, eta zumaiarra areto futbolean aritu da, Gaztela eta Leongo selekzioarekin.
"Pasa den urtarrilean Euskadiko selekzioarekin lagunarteko partida bat jokatzera joan ginen. Ondo jokatzen genuela eta, Donostiako futbolari bati eta niri haien selekzioan jokatzera gonbidatu gintuzten. Han joan gara bi euskaldun Gaztela eta Leongo selekzioarekin", kontatu dio Gukari trenean bueltan zetorrela.
Lau partida jokatu dituzte erkidegoen txapelketan. Lehen biak 2-0 emaitzarekin irabazi zituzten, Extremadura eta Gaztela-Mantxaren aurka, hurrenez hurren. Hirugarren partidan Madril izan zuten aurkari, eta 4-2 emaitzarekin galdu zuten gaztelaleondarrek. Madril izan zuten berriro ere aurkari, finalean, eta ezer gutxi egin ahal izan zuten, 9-0 galdu zutelako.
Egindako lanarekin gustura da Leire Esnal, eta datorren urtean berriro parte hartzeko gogoa erakutsi, beti ere Euskadik selekzioa osatzen badu.