Zumaiako Udalaren Euskara Plan berria diseinatzeko iazko irailean abiatutako prozesuari amaiera eman zioten pasa den ostegunean egindako maiatzeko ohiko bilkuran. EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten 2024-2034 Euskara Plana. Behin onartuta, uda ostean hasiko dira hark ezartzen dituen neurri batzuk aplikatzen, hala nola bilgune desberdinak sortzen.
Aitor Manterola Euskara zinegotziak udalbatzarrean xehatu zuen bezala, Ahize aholkularitza zerbitzuaren laguntzarekin diseinatu dute plana, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako Aroa markoaren barruan, "ikuspegi estrategikoa eta komunitarioa sustatzeko" helburuarekin. Prozesuak izandako faseak –galdetegia, elkarrizketak, gai edo arlo desberdinetako mahaiak– gogoratu zituen, eta haietan izandako parte hartze handia txalotu zuen, izan eragileena edo norbanakoena. "Euskarak biziraungo ote duen ardura badago. Orain denon ardura da plana aurrera eramatea", esan zuen.
Bilguneak
Onartutako Euskara Plana nola hasiko diren aplikatzen galdetuta, Manterolak udalbatzarrean adierazitako ideia bera errepikatu dio Gukari; elkarlanarena, hain zuzen. Haren esanetan, planaren gidaritzaz udala arduratuko bada ere, ez dute nahi goitik beherakoa izatea hura aplikatzeko modua. "Funtzionamendu horizontala izatea nahi dugu, elkarlanean egindakoa", azpimarratu du.
Diagnostikoak erakutsi du Zumaia nagusiki herri euskalduna izanda ere, euskararen erabilerak, faktore anitzengatik, behera egin duela azken urteetan. Horri aurre egin nahian, hiru bilgune sortuko dituzte aurrerantzean: transmisiokoa (ikastetxeek, euskaltegiak, guraso elkarteek edota Larraina euskara taldeak osatuko dutena), kiroletakoa eta kulturakoa. Hiru bilgune horietako ordezkariek presentzia izango dute, udalarekin eta beste eragileekin batera, sortuko duten Euskara Mahai berrian ere. "Diagnostikoa egiterakoan erantzun zoragarria izan genuen, eta pentsatzen dugu bilguneak sortzerakoan ere erantzun ona izango dugula", uste du Manterolak.
"Bilgune horiek baliagarriak izango zaizkigu herriko hainbat eremutara iristeko", azaldu du Josune Herrarte Euskara teknikariak. "Beraiek esango digute non jarri behar dugun arreta, beraiek jakingo dute-eta ondoen zein den euskararen egoera arlo horietan", gaineratu du. Talde horiek zenbatean behin bilduko diren oraindik zehazteke badago ere –hori beraiekin aztertuko dute–, kide izango direnei "konpromiso maila bat" eskatuko dietela esan du teknikariak.
Aipatu hiru bilguneak uda ostean eratuko dituztela ere azaldu dute Manterolak eta Herrartek. Arlo bakoitzeko eragileek osatuko dituzte taldeak, baina norbanako herritarrek ere parte ahal izango dute haietan, hala nahi izanez gero. Udazkenean egingo dituzte horretarako deialdiak. "Gero, bilgune bakoitzak erabakiko du zer bide egin, baina ezin gara lo geratu. Horregatik, udalak gidaritza lana egingo du", esan du Herrartek.
Jarraibideak eskaini
Diagnostikoan parte hartu zuten herritarrek "txalotu eta eskertu" egin zuten Euskara sailak euskararen inguruan egindako lana. Plan berriarekin antzerako bidea jarraituko dutela iragarri du Herrartek. Teknikariak nabarmendu du, "ekintza zehatzak" baino gehiago, "jarraibideak" eskaintzen dituela Euskara Planak.
Plan berriak hamar urteko iraupena izango du, baina bost urtera berrikusi egingo dute. "Gizartea epe oso laburrean asko aldatzen da, eta aukera emango digu, behar izanez gero, gelditu eta aldatzeko", adierazi du Herrartek.