Nazioarteko Esku Pilota Federazioak antolaturiko txapelketa batean lehen aldiz jokatu du euskal selekzioak, eta irabazi egin ditu jardunaldi horretako bi partidak. Atzo iluntzean jokatu ziren partidak, eta gizonezkoen kategorian, Imanol Lopez zumaiarra Aritz Erkiagarekin batera aritu zen Gernikako Jai Alai pilotalekuko kantxan frantziarren aurka. Euskaldunek bi setetan poltsikoratu zuten Jon Tanburindegi eta Thibault Basqueren aurkako partida, 15-6 eta 15-11.
Partida amaitu berritan Lopezek ETBri egindako adierazpenetan aitortu zuen "emozionatua" zegoela partidaren lehen momentuetatik, eta kosta egin zitzaiola partidaren dinamikarekin konektatzea. Dena den, Erkiagarekin jokatzeak "gauzak errazten" dituela nabarmendu zuen zumaiarrak, eta gero, "oso ondo" sentitu zela ere bai. Atzoko garaipenarekin bakarrik ez, "azken urteotan oro har zesta-puntak izan duen eraldaketarekin pozik" agertu zen Lopez emandako adierazpenetan: "Momentu txarragoak bizi izan ditugu, eta orain kirol honek duen indarra eta ikuslego ilusionatua ikustea asko gustatzen zait".