Egunotan ospatutako Europako Geoparkeen Asteko egitarauaren barruan, Euskal Kostaldeko Geoparkeko Batzorde zientifikoa indartzeko bilera egin zuten ostegunean, Deban, aipatu batzordea berrindartzeko asmoarekin.
Hala, 26 adituk osatuko dute aurrerantzean Geoparkeko Batzorde zientifikoa, eta Estratigrafia, Mikro-paleontologia, Hidrogeologia, Ozeanografia, Historia, Astrobiologia, Ekologia edo Arkeologia bezalako espezialitateak ordezkatuta izango dira bertan.
Erakundeko kideek nabarmendu dutenez, organo aholku emaile horrek Geoparkearen ikerketa ildoak bideratzen ditu, ezagutza ematen du eta interpretazio-diskurtsoaren edukiak onesten ditu. Geoparkeko Zuzendari zientifiko Asier Hilarioren hitzetan, "beraien bitartez sekulako sare zabal baterako sarbidea daukagu, mundu osoko unibertsitateekin loturak dauzkagulako; Geoparkearen izena zientzia munduan zabaltzen dute gure lurraldearen enbaxadore direlako”.
Ostegun arratsaldean egin zuten lan saioa, eta etorkizuneko lan ildoak finkatzen jardun zutela adieratu dute. Hala, datozen urteetan landu daitezkeen hogei bat ekimen, ideia edo lan-ildo atera ziren.
Batzordeak zientziaren, kulturaren eta hezkuntzaren aldeko manifestua adosteko baliatu zuen osteguneko bilkura.