Nanoteknologiaren munduan aritzen zara, elementu ñimiñoekin. Nola heldu zinen espezializazio horretara?
Ikasketen aldetik, fisikaria eta ingeniari elektronikoa naiz. Ikasten ari nintzela ezagutu nuen mundu hori, elektronikaren arloan murgiltzean. Horrek eraman ninduen mikroelektronikaren mundura. Asko gustatu zitzaidan, eta banekien horretan espezializatu nahi nuela. Ondoren, Bartzelonara joan nintzen master bat ikastera. Master amaierako lana hango laborategian egin nuen, Bartzelonako Goi Mailako Institutuan, eta tesiarekin jarraitu nuen. Orduan heldu nintzen espezializazio honetara, ahalik eta egitura txikienak aurkitzera. Guk gaur egun dugun teknologia motz geratzen da horretarako.
Zerk erakartzen zaitu mundu horretatik?
Unibertsitatean, niretzako oso garrantzitsuak izan ziren ikasgaiak izan nituen, eta pentsatu nuen horretara bideratu nahi nuela nire bizitza. Nukleoelektronikako ikasgaia izan zen bat, eta bestea fisika kuantikoa. Izugarri gustatu zitzaizkidan. Bi mundu horiek elkartu nahi nituen, eta bi mundu horiek lotzeko modu bat da gaur egun guk lantzen duguna, konputazio kuantikoa. Hori da gustatzen zaidana; bizitza kuantikoa landu nahi dut, eskuekin ukitzeko moduan.
Mundu horretan aurkitu al duzu bizimodua? Edo oraindik ikasketekin jarraitzen duzu?
Nolabait esateko, mistoa da nire egoera. Berez, ikaslea naiz, baina ez dut klaserik jasotzen.
Bartzelonara joan zinen masterra egitera. Hurbilago ez al zegoen aukerarik?
Kanpora joateko gogoa nuen. Zumaiatik hurbil, Nanogune zentroa dago Donostian. Bereziki, gure arloan, konputazio kuantikoan egiten dute lan. Gero, gainera, IBM enpresak ordenagailu kuantiko bat muntatuko du Donostian. Munduan gutxi daude, eta horietako bat jarriko dute Donostian. Horrek bultzada izugarria emango dio hiriari eta lurraldeari, orokorrean.
Behin tesia amaituta, kanpora joango nintzateke, mundu hori ezagutzera. Baina hemendik denbora batera, etorkizun luze batera, Donostia oso aukera ona iruditzen zait lanerako.
Pasa den otsailean sari bat jaso zenuten Ameriketako Estatu Batuetan, zuek aurkeztutako proiektu batengatik.
Konputazio kuantikoa garatzeko prozesu horretan, fabrikazio metodoa lantzen dugu. Aparailu horiek eraikitzen ditugu fisikoki, laborategietan. Aparailu horiek teknologia puntakoena behar dute, eta saiatzen gara fabrikazio metodo berriak sortzen. Suitzako unibertsitate batekin elkarlanean sortutako metodo horietako bat aurkeztu genuen Kalifornian [AEB] egin zen kongresu batean. Egindako ikerketa onartu ziguten han aurkeztu ahal izateko. Otsailean egin zuten kongresua eta izugarri gustura geunden, gure arloan dagoen munduko kongresu garrantzitsuenetakoa delako. Sektoreko enpresa garrantzitsuenetakoak zeuden: Intel, IBM, Microsoft, Google... Gure ikerketa aurkeztu genuen, eta sarituak izateko zortea izan genuen. Oso gustura gaude, egindako lana aitortu digutelako. Gure ikerketa lanen helburua kongresuetan aurkeztea izaten da, eta sari bat ematen badigute, are hobeto.
Laborategietatik aterata, 'bizitza errealean' zer ekarpen egin dezakete ikerketa horiek?
Garatzen ari garen konputagailu kuantiko hauen helburua da zenbait kalkulu azkarrago egitea. Ordenagailu konbentzionalekin kalkulu horiek egiteko denbora asko behar da, eta hori ez da bideragarria. Ordenagailu kuantiko hauek modu desberdinean funtzionatzen dute, konputazioa beste modu batean egiten dute, partikula kuantikoak erabiliz, eta askoz azkarrago egin daiteke horrela. Prozesu hauekin jende asko ari da lanean; adibidez, matematikan oraindik zabalik dauden problemak ebazten ari dira horrela. Medikamentuak sortzeko ere erabil daitezke prozesu hauek; era azkarrago batean sor daitezke horrela, entsegu kliniko gutxiago eginda. Kimika eta fisika fundamentalean teoria berriak garatzeko ere baliagarriak dira. Baina oraindik potentzialtasunaz ari gara, prototipoekin lanean gabiltzalako.
Potentzia handia duten makinak oraindik garatzeko daude. Konparazio bat eginez, 1950eko hamarkadan ordenagailu normalak kalkulu matematikoak egiteko erabiltzen ziren. Pentsa noraino heldu garen.
Horrek guztiak kostu handia izango du, ezta?
Makina hauek guztiak gela edo laborategi berezietan eduki behar dira: gela garbiak izena dute. Laborategi bereziak dira, izugarri garbiak direlako. Hauts kopurua kontrolatuta dago, airearen fluxua eta purutasuna ere bai, baita hezetasuna ere. Makina garesti horiek behar bezala mantentzeko, ur eta energia kopuru handia erabiltzen da. Gure laborategian berrehun bat pertsonak egiten dute lan, eta energia aldetik urtebetean Zumaia osoak bezainbeste kontsumitzen du. Gas toxikoekin egiten dugu lan, kutsagarriak diren substantziekin. Bere momentuan ozono geruza zulatzen zutelako gas batzuk debekatu egin zituzten; bada, gas horiekin egiten dugu guk lan. Hori hala izanda ere, pentsatu behar da makina hauek ekarriko duten onura izugarria izango dela.
Prototipoekin lanean zabiltzatela diozu. Noiz uste duzu izango dela aukera amaitutako aparailu bat izateko?
Hori ikusteko dago, baina kontuan izanda zer inbertsio egin den eta enpresa erraldoi hauek mundu horretan sartzen ari direla, agian hamabost urteren bueltan izango genuke makina bat. Agian ez sakelako baten tamainakoa, baina bai erosteko modukoa.