Gatazka politikoaren testuinguruan Zumaian torturatuak izan direnak saretzen

Maria Maya Manterola 2025ko mai. 27a, 13:00

Pasa den otsailean egindak aurkezpeneko irudia. (EITB)

Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztu zuten orain hiru hilabete Donostiako Kursaalean. Torturatuen testigantzak bildu eta sareak osatzen ari dira orain herriz herri, eta Zumaian ere hasiak dira bide hori urratzen. 

Otsailaren 15ean Donostiako Kursaalean egindako agerraldian aurkeztu zuten Euskal Herriko Torturatuen Sarea. “Prozesu luze baten emaitza” izanagatik, "abiapuntua besterik ez” zela azaldu zuten han. Izan ere, orain “torturatuen minetik eta sufrimendutik sortutako indar hori herriz herri biderkatu” nahi dute, baita Zumaian ere.  

Uneren batean tortura jasan duten zumaiar guztiengana heltzeko erronka dute, zuzenean haiekin hitz eginda, edo beren senideen bitartez. Torturatuak izan direnen egia argitara ateratzea nahi dute, batetik; baina baita kontakizun propioa egin, eta beren buruak errekonozitu eta ahalduntzea ere.  

Sarea zabaltzen 

Hasiak dira Zumaian bide hori egiten, baina poliki-poliki, sare hori zabaltzen eta sendotzen jarriko dituzte indarrak datozen hilabeteotan, urrira bitarte, “tortura kasu eta testigantza bakar bat ez dadin galdu”.  

Zumaian zenbat torturatu izan diren jakitea ere nahi dute. Izan ere, azaldu dute herrian 61 kasurekin zeerrenda bat osatuta badagoela, eta horiekin harremanetan jartzen ari direla banaka-banaka. Karpeta bana eman diete, ekimenaren inguruko informazioarekin eta testigantza jasotzeko orriarekin, eta 25 bat lagunek itzuli diete jada.  

Aitortzarako eta erreparaziorako garaia dela iritzita, “tortura estaltzeko joeraren aurrean”, haiekin harremanetan jarri eta sareko parte izatera gonbidatu dituzte zumaiarrak. Horretarako, 608 285 988 telefono zenbakira deitu daiteke. Azaldu dute karpetako fitxak betetzeko laguntza emango dietela beren testigantza ematea erabakitzen dutenei.  

“Geure buruei, euskal jendarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu, guk sufritu genuena beste inork, inoiz, jasan ez dezan. Onartu den bezala tortura kasu batzuk izan direla, onartu dezatela orokorrean tortura aplikatu dela”, gaineratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide