Herria kantu batean zizelkatu du Jon Maiak

Aritz Mutiozabal 2025ko mai. 25a, 14:00

Emanaldi gogoangarria eskaini zuen sortzaile zumaiarrak atzo iluntzean, Itzurun hondartzan, Zumaia harri eta herri izenburupean. Gisa horretan, Kantu bat gara zikloa biribildu zuen.

Gau magikoa oparitu zien Jon Maiak, atzokoan, Kantu bat gara zikloko azken kontzertuaz gozatzera Itzurunera gerturatu ziren guztiei. Ilunabar ederra lagun eta itsasoa aurrean zuela eskaini zuen Zumaia harri eta herri emanaldia. Gabriel Arestiren Harri eta herri poema goratutik abiatuta, Zumaiako bereizgarri diren formakuntza geologikoarekin eta euskal identitatearekin jokatu nahi izan zuen, eta hori agerian utzi zuen emanaldi osoan zehar.

Abesti eta abesti artean, labarretako horma erraldoietan hainbat irudi sinboliko proiektatu zituzten; hala nola, Picassoren Gernika margolana, edota labar-margoak eta itsasontzi bat, Marianton, Izustarri eta Ternua hitzekin. Publikoak ikusminez jarraitu zuen kontzertua, eta sortzaile zumaiarrak, hainbat kolaboratzailen laguntzarekin, Kantu bat gara eta Kantu berri bat gara diskoko abestiak eskaini zizkien herritarrei eta inguruko txokoetatik bertaratu ziren guztiei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide