Ander Treviño: "Etapa hain polita izan da, taldeak, klubak eta nik neuk ere merezi genuela ondo bukatzea"

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 24a, 09:00

Ander Treviño, pasa den ostegunean Aita Mari futbol zelaian. (Juan Luis Romatet)

Azken partida izango du Ander Treviñok (Eibar, 1985) Zumaiakoko gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldearen entrenatzaile bezala. Seigarren denboraldia izan du aurtengoa, eta ziklo baten amaiera dela ikusita, ardura uztea erabaki du. Lanak ondo eginda, taldea egoera onean uzten duela dio. 

Eibarko Urko 14 taldea izan zen entrenatu zuen lehen taldea. SD Eibarrek Urko 14 xurgatu eta gero, Eibarren beheko kategorietako taldeak entrenatzen hasi zen. 2019ko udan, atsedenaldi bat hartzea erabaki zuenean, Zumaiako ate joka hasi zitzaion, lehen taldea entrenatzeko eskaintzarekin. Hasieran ezezkoa eman zion, baina urte hartako abenduan berriro joan zitzaizkion zumaiarrak taldearen ardura hartzeko eskatzen, Zumaiako une hartan egoera onean ez zegoelako. Bigarrenean bai, baiezkoa eman zien, eta bost urte eta erdiz egon da taldea entrenatzen.

Bihar jokatuko du Zumaiakok aurtengo denboraldiko azken partida, Vasconiaren aurka, Donostiako Puio futbol zelaian, 16:00etan. Zumaiako laugarren da egun sailkapenean, eta ez du ezer jokoan izango. Hori izango da Treviñoren azken partida Zumaiakoren entrenatzaile bezala.  

Bitan joan zitzaizkizun Zumaiakokoak entrenatzaile izateko eskatzen. 

Eibarren edo aurreko klubean egindako lanagatik ezagutuko ninduten, eta agian profil egokia nuela ikusiko zuten. Proposamena planteatu zidaten, eta nik orduan gogoa nuen herri bateko lehenengo taldea entrenatzeko. Ordura arte, beheko kategoriatan ibili izan nintzen, eta [lehenengo talde bat] entrenatzea zer zen bizi nahi nuen. Gero, Azpeitian egiten dut lan eta erosoa zitzaidan Zumaian entrenatzea.   

2019. urtean izan zen hori. Taldea egoera onenean ez zegoenean hartu zenuen ardura. 

Azkenean, gauzak ondo ez doazenean, taldeak aldaketa bat eskatzen du. Jendeak ez du gauzak gaizki joaterik nahi, gauza onak bizi nahi ditu. Egoera deseroso bat bizitzen ari bazara, laguntza eskatzen duzu. Talde bat hartzeko nahiago dut testuinguru hori. Taldea ondo dagoenean, hari jarraipena emateak lan asko eskatzen du, eta ez da erraza. Aldiz, taldea ondo ez dagoenean gauzak aldatzea, talde dinamikak hobetzea, errazagoa izan daiteke eta testuinguru hori nahiago dut.  

Zer nolako klubarekin egin zenuen topo? 

Familia batekin. Nik uste klubaren nortasuna hori dela, eta hori da herriko talde batek behar duena. Hona etorri nintzenetik, Pinirekin [Javier Pinilla, Zumaiakoren kirol zuzendaria] aurrera eraman ditugun proiektu guztien oinarria hori izan da. Kubaren partaide izateko sentimendua areagotzea izan da beste lanetako bat. Planteatutako proiektu guztietan hori izan da ardatza, egindako lanaz harro egotea, klubeko txikiek erreferenteak izatea eta erreferente horiek haien entrenatzaileak izatea. Hori guztia ondo landu da, eta nik uste gaur egun askoz egoera hobean gaudela, klubak berak egin duen lanagatik. Jokalariek ere jarraitu egiten dute denboran, eta ikusten dute lehen taldean jokatzeko aukerak dituztela. Duela zazpi edo zortzi urte egoera okerragoa zen, eta ia jokalaririk ez zuten. Orain talde mordo bat ateratzen da. Hori guztia agian ikusten ez den lana da.  

Etorri zinenean, klubak emaitza edo sailkapen jakin batzuk lortzeko helbururik jarri al zintuen? 

Etorri nintzenean taldea ez zegoen egoera onean, barne dinamikak direla eta. Gorengoen mailan zegoen, eta ez zen oso talde erregularra. Une batzuetan sailkapeneko erdian egoten zen, eta beste batzuetan jaitsiera ekidin behar izaten zuen. Esan zidaten talde polit bat egiteko osagaiak bazeudela, taldean jokalari onak zeudela, eta Zumaian bazeudela jokalariak Zumaiakon aritzen ez zirenak. Helburuetako bat izan zen Zumaiak dituen jokalari on horiek Zumaiakon aritzea. Hala, kanpoan zeuden jokalari asko etorri dira. Ikusten zen, baita ere, Ohoreko Mailara igotzeko baldintzak bazeudela. Presiorik ez nuen izan, baina bai helburu hori jarri zidatela. Nik ere banuen helburu bera.  

Lehen denboraldian ez zen posible izan: lehen hiru partidak irabazi genituen, ondorengo hirurak galdu, eta gero COVID-19a etorri zen. Hor bertan behera utzi zuten lehia. Hurrengo denboraldia COVIDak baldintzatu zuen, eta ez zen igoera eta jaitsierarik egon; denboraldia aurrena bukatu genuen eta balio izan zigun konturatzeko hor geundela. 2021-22 denboraldia normala izan zen, eta kristoren denboraldia egin genuen; Gorengo kategoriako onenak izan ginen, erregularrenak. Mailaz igo ginen hor, eta hiru urte on egin ditugu ondoren Ohorezko mailan.

Niretzako, entrenatzaile bezala, esperientzia berria izan da, jokalari askorentzako ere bai, baina nahi genuen lekuan egon gara. Azpitik etorritako jokalariek bizipoza eman digute, eta horrez gain kanpoan jokatzen zuten Zumaiako jokalariak etortzea ere lortu dugu. Proiektu bezala horrek indarra eman digu, eta jarritako helburuak ere lortu izan ditugu. 

Nire helburua zen, behin igoera lortuta behintzat, urtebetez egotea kategoria horretan. Taldeak beti izan ditu gorabeherak; ez da inoiz izan talde erregularra. Esfortzu handia suposatzen digu erregulartasun hori lortzeak. Azkeneko bi urteetan oso denboraldi onak egin ditugu, oso momentu onak izan ditugu, baina kostatu zaigu erregulartasuna lortzea. Aurten lortu dugu hori hobetzea. Aurten taldea ikusi dut prest dagoela helburu handietarako lehiatzeko edo aurrerapauso bat emateko.  

Halako denboraldi ona izan bada, zer eraman zaitu entrenatzaile lanak uztera? 

Erabakia ez da gaurkoa izan. Bi urtez hitz egiten egon gara. Betiere luzatzen joan gara, baina jakinda amaiera gertuago zegoela. Etapa zoragarria izan da, eta familia eta ni hemen moldatu gara zoragarri, eta Zumaia bizi izan dugu, ez bakarrik kluba, baita herria eta jendea ere. Denboraldi luzeak egin ditugu hemen bizitzen, eta herria ezagutu izan dugu. Azkenean, sei urte dira, eta arazo handirik ez dugu izan.

Entrenatzaile bezala oso gertukoa naiz, eta ulertzen dute nire lan egiteko erarekin jendea aspertzea. Pinillari ere esaten nion nire mezua erreta zegoela. Behar dut taldeak sinestea egiten dugunaz, eta saiatzen naiz taldea eta jokalariak partaide egiten. Baina, mezua eta ideiak hainbeste errepikatzearekin ulertzen dut jendea aspertu ahal izatea. Zaila egin zait azken urteetan jendea motibatzea. Familiarekin ere hausnarketa bat egin nuen, eta, egia esan, ez dakit indarrik izango nukeen honekin guztiarekin jarraitzeko. Nahi ez dudana da gaizki bukatzea. Hain polita izan da, eta hain ondo joan da, merezi dugula taldeak, klubak eta nik neuk ere ondo bukatzea. 

Nola hartu zuten albistea? 

Azken momentuan hartzen ditut erabakiak. Etengabe egoten naiz hausnartzen, baina beti nago neurtzen. Ideia hau bazegoen klubean, baina klubari esan nion Añorgaren aurkako partida jokatu arte ez nuela gai horretaz hitz egin nah; eskatu nien taldea ere bakean uzteko; taldea babestu nahi nuen. Partida hori eta gero hausnartu nuen sakon, eta ostegunean [hilaren 15ean] talde teknikoari erabakiaren berri eman nion, egun bat geroago klubari eta larunbatean plantillari. Hiru eguneko zerbait izan zen. 

Bihar izango duzu azken partida. Pena etxean ez dela azken partida hori. 

Nik ez dut behar. Hau seme-alabekin hitz egin dut. Niretzako etapa polita izan da. Batetik klubarekin gauzak ondo joan direlako. Baina ni hona etorri nintzen alabaren aitatasunean, eta gero hemen nire bigarren seme-alaba jaio da. Gauza oso politak bizi izan ditut hemen egon naizen denboran. Gure seme-alabek ez dute besterik ezagutzen. Ipuruara joaten gara, gaur egun oso gutxi ordutegiengatik, baina nire etxean bi talde daude: Eibar eta Zumaiako. Seme-alabak gehiago etorri dira Aita Marira Ipuruara baino.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide