Jon Maia: "'Kantu bat gara' fisikoki gorpuztu nahi dut Zumaian"

Juan Luis Romatet | Maialen Etxaniz 2025ko mai. 23a, 12:00

'Kantu bat gara' zikloko azken kontzertua emango du Jon Maiak (Urretxu, Gipuzkoa, 1972) bihar Zumaiako Itzurun hondartzan. Egun osoko egitaraua prestatu du.

Kontzertua emango duzu bihar Itzurunen. Nolako emanaldia izango da? 

Kontzertua leku honetan izanik [Itzurunen egin da elkarrizketa], ezinbestean berezia izango da. Batetik, nik diodan bezala, ametsen antzokia delako hau. Munduko diru guztiarekin ere inork ezingo luke halako antzokirik egin.  Bestetik, azken kontzertua izango delako. Pertsonalki, azken lau urteetako zikloa itxiko dut. Kantu bat gara-k pisu handia hartu du nire bizitzan, mugarri bat izan da, eta jauzi bat ere izan da nire ibilbide pertsonalean. Ia ehun kontzertu izan dira, ehunka gonbidatu Euskal Herri osoan, antzoki handi eta txikietan. Lekuagatik eta azkena izango delako, oso kontzertu berezia izango da.  

Zumaia harri eta herri jarri diozu izena kontzertuari. Zergatik izen hori? 

Bizi dugun garai hauetan oso garrantzitsua da identitatearen gaia, batez ere, hainbesteko turismo karga hartzen duen herri batentzat. Zumaia ezaguna da mundu osoan bere formakuntza geologikoagatik, bere harriengatik. Nire asmoa da harrien atzean dagoen herria erakustea. Zumaiarrok ez dezagun ahaztu zer garen, nondik gatozen. Horrez gain, nire gai gustukoena den euskal identitate berria ere hor dago, XXI. mendeko euskal identitatea, nire kontzertu guztietan modu desberdinetan landu dudana. Bada, hori ere hemen nahiko nuke erakutsi. Ez bakarrik iraganari, etorkizunari ere begiratu nahiko nioke. Horregatik  izango da Harri eta herri, bere harriengatik ezaguna den lekua, baina atzean dagoen herria agertuko duena.  

Gauza oso handia egitera goaz, oso modu herrikoian. Osagaiak oso herrikoiak izango dira. Asko Zumaia bertakoak izango dira, taldeak eta partaideak. Kanpotik etorriko direnak ere herrikoiak dira, ez dira modu profesionalean horretatik bizi direnak. Jende askoren borondateari esker egin ahal izango da. Kontuan hartu behar dugu leku hau ez dagoela prestatuta kultur jarduera baterako, eta baldintzak eta mugak dauzkala. Hemen dena asmatu behar da, dena pentsatu behar da, eta dena eraiki behar da, den-dena. Udalaren esfortzua eskertu behar da. Euskal Telebistak ere grabatuko du emanaldia.  

Zureak ez dira kontzertu normalak izaten.

Ez dakit nola definitu nire emanaldiak. Kontzertu hitza ez dut erabiltzen, nahiz eta kontzertuak ere badiren. Hori baino gehiago dira, edo, behintzat, nire planteamendua haratago doa. Saiatzen naiz gure herriaren ikuspegi bat ematen, nondik gatozen eta nora joan gaitezkeen. Nire intentzioa ez da abeslaria izatea, edo nire kantak erakustea jendeari; gehiago da nire herri ikuspegia gizarteratzea. Hori da nire motibazio nagusia. 

Hor osagai asko daude. Eredu parte hartzaile irekia dute kontzertuek, beti daude kolektiboetako ordezkariak, eta oholtzara igotzen dira. Hizkuntza, inmigrazioa lantzen ditut. Eta bai, transmisioa da gai nagusietako bat, transmisioa eta identitatea. Gure aurrekoei beti ematen diet presentzia; gure aurreko abeslariei, gure aurreko eragileei. Hortik gatoz gu, eta horren ondorio gara. Inoiz eten ez den giza kate erraldoi eta infinitu baten parte garela esaten diet entzuleei. Harriak bezala, esango nuke. Horren bidez saiatzen naiz emozioa eta edertasuna sortzen.  

Bada proposamen anbiziotsua. 

Saiatzen naiz kontzertu bakoitza errepikaezina izaten. Hori lortzen dut, neurri batean, kontzertu bakoitzean izaten direlako gonbidatu desberdinak. Joaten naizen lekuetan, bertako edo inguruko artistaren bat gonbidatzen dut, bere sorkuntza bat erakustera. Horrez gain, ahotsa ematen diet, nire ustez, ahots gutxi duten kolektiboei. Horrek bihurtzen du berezia emanaldia. Asko lantzen dut aurretik emanaldi bakoitza, baina horregatik uste dut direla hain bereziak. Gero, jendea zerbait berezia ikusi duen sentsazioarekin ateratzen da kontzertutik.  

Kasu honetan, egun osoko egitaraua ere prestatu duzu. 

Nahi dudana da herriko jendeak gozatzea egunean zehar, eta giro bat egotea kalean. Zumaia kantatzen duen herria bihurtzea nahi dut. Negu Gorriaki idatzi nion bezala, "kantatzen duen herria ez da inoiz hilko". Kalean ospatu nahi dugu, eta Euskal Herriko kantuzale guztiak daude gonbidatuta; kalean ibiliko dira kantuzale talde herrikoiak hainbat lekutan abesten, eta jendeak kantatu ahal izango du. Horrez gain, herriko abeslari gazteak ere izango dira, bertso eskola ere bai, baita sardina jana ere. Kantu bat gara fisikoki gorpuztu nahi dut Zumaian. Zumaia kantu bat izango da bihar.   

Ziklo baten amaiera dela diozu. Ez al zuen gehiagorako ematen? 

Mezua zabaldutzat ematen dut, helburu nagusia betetzat ematen dut. Lau urte izan dira gelditu gabe, eta hori oso zaila da. Bi liburu-disko segidan atera ditut. Normalean, tarte bat ematen da bata eta bestearen artean, eta guk lau urte segidan eman ditugu. Esan dut esan nahi nuen guztia. Gustura sentitzen naiz, oso beteta eta oso eskertuta, milaka pertsona etorri dira-eta nire buruan zegoen zerbait ikustera eta entzutera. Hori niretzako izugarria da. Asko bete nau Kantu bat gara-k, jaso dudan erantzuna oso handia izan da eta. Niretzako amets bat bezalakoa izan da, batez ere, sentitzen dudalako bizi naizen garaian, herrian, ekarpen bat egin dudala. Egia da zaila dela hain ondo doan zerbait uztea, baina uste dut oraintxe dela momentua.

Egitaraua

  • Goiz osoan. Zumaiako Trikitixa eskolako trikitilariak herrian zehar
  • 12:30. Kofradiako balkoitik kantaldi akustiko jarraitua.
  • 17:00. Porrotx eta Txapasen etorrera itsasontzian Gernika parketik, eta adierazpen askatasunaren txokoan (Erribera kalean) emanaldia Zumaiako haurrentzat.
  • 18:30. Herri osoan zehar Zumaiako dultzaineroak, Bilbo Kantari eta Lagunak taldea eta Azpeitiko Kantu Jira kantuzale taldea.
  • 18:30. Sardina jana Kofradiako plazan.
  • 21:00. Zumaia harri eta herri kontzertua Itzurun hondartzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide