Azken urteotan jorratu dituen Kantu bat gara eta Kantu berri bat gara proiektuei agurra emango dio Jon Maiak datorren asteburuan. Herrian egingo du, gainera, amaierako saioa, Zumaian, datorren larunbatean, maiatzaren 24an. Itzurun hondartzan izango da emanaldia, 21:00etik aurrera, eta doan izango da. Eguraldiak laguntzen ez badu, ordea, Aitzuri frontoira lekualdatuko dute, eta 22:00etan izango da. Kasu horretan bai, sarrera erosi beharko da aurrez.
Harri eta herri izena jarri dio emanaldi horri, eta Itzurungo labarrak erabiliko ditu oihal gisa, eta espresuki sortutako argi eta irudia proiektatuko ditu haitzetan. Proiektuan izan duen musikari taldeaz gain, Zaria Koru Eskola, Inpernupeko joareak, Eñaut Elorrieta, Kandido Uranga aktorea, Zumaiako Adarjoleak, Ross Dantza Eskola eta Astindu Dantza taldea arituko dira bere ondoan, hondartzako txoko desberdinetan.
Egun osorako egitaraua
Emanaldi berezia izango da larunbatekoa. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Hala, egun osoan zehar euskal kantari ezagunak omenduko dituzten Balu kale artistaren horma-irudiak ikusi ahal izango dira herriko hainbat tokitan. Gainera, Erribera kalean merchandising postua jarriko da, eguneko oroigarriak erosteko aukera eskainiz.
Goizean zehar, Zumaiako Trikitixa eskolako trikitilariak herrian zehar arituko dira, eta 12:30ean hasita, eta ordu eta erdiz, kantaldi akustiko jarraitua izango da Kofradiako balkoitik.
Arratsaldean, 17:00etan, Porrotx eta Txapasen etorrera izango da itsasontziz Gernika Parketik eta Adierazpen askatasunaren Txokoan (Erribera kalean) emanaldia eskainiko dute Zumaiako haurrentzat. 18:30etik aurrera, Zumaiako dultzaineroak, Bilbo kantari eta lagunak taldea eta Azpeitiko Kantu jira kantuzale taldea arituko dira kalez kale, eta ordu berean sardina jana izango da Kofradiako plazatxoan. 21:00etan izango da kontzertua, eguraldi onarekin, Itzurunen, eta kaskarrarekin 22:00etan Aitzurin.