Azken urteotan bezala, eta badira dagoeneko hamasei edizio, Europako Geoparkeen Astea ospatuko dute egun Europan dauden 113 geoparkeetan. Ekimen horren helburua tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera ematea eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea da.
Deba, Mutriku eta Zumaia hartzen dituen Euskal Kostaldeko Geoparkeak ere bat egingo du ekimenarekin, eta ekintza sorta prestatu du horretarako. Datorren ostiralean, hilaren 23an, hasiko du hamar egunez luzatu den egitaraua. Ekintza guztiak doakoak badira ere, kasu batzuetan aurrez izena eman beharko da geoparkea.eus webguneko Europako Geoparkeen Astea 2025 atalean.
Datorren ostiralean, maiatzaren 23an Deban egingo duten Saguzarren Gaua izango da aurtengo edizioko lehen ekitaldia. Bertan, erakusketa eta detekzio-irteera egingo dira, publiko orokorrari zuzenduta. Jarduerak bi zati ditu: lehenbizikoan adituaren azalpenak entzungo dituzte eta ondoren, ibaiaren inguruan, zubia zeharkatuz, ibilbidetxo bat egingo da saguzarrak entzuteko. Parte hartu nahi dutenek Debako Alamedako kioskoan dute hitzordua, 21:00etan. Aurrez izena eman behar da Debako turismo bulegoan (943-19 24 52) edo labur.eus/saguzar formularioa beteta.
Egun bat geroago, hilaren 24an, Geoparkeko Birako beste etapa bat egingo dute. Iaz Deba-Zumaia etapa egin bazuten, aurten Mutriku-Deba zatia egingo dute. Etapak 16,6 kilometro ditu eta sei ordu inguruan egiteko modukoa da. Taldea Mutrikuko portutik abiatuko da, goizeko 9:00etan. Txangoan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da labur.eus/bira2025 loturan edo telefonoz Mutrikuko turismo bulegoan (943-60 33 78).
Igandean, maiatzaren 25ean, El enigma del euskera bisita gidatua egingo dute. Zumaiako alde zaharrean egiten den bisita gidatu honetan, euskal kulturaren, hizkuntzaren, mitologiaren, kirolaren eta tradizioen alderdirik ezezagunenak erakusten dira. Europako Geoparkeen Aste honetan are bereziagoa izango da bisita, izan ere, pertsona etorkinei zuzendutakoa izango da.
Miguel Delibes de Castrorekin solasean
Geoparkeen Astearen bueltan antolatzen duten Geotalks saioen beste edizio bat egingo dute maiatzaren 27an, asteartea, Aita Mari aretoan. Miguel Delibes de Castro biologoa izango da aurtengo gonbidatua, eta Gracias a la vida lelopean, naturaren eta gizakiaren arteko harreman estuaz hitz egingo du Geoparkeko Zuzendari zientifiko Asier Hilariorekin.
Hilaren 29an, Geoparkeko batzorde zientifikoa indarberritzeko saioa egingo dute Debako Hiru uhinak hotelean, eguerdiko 12:30ean. Maiatzaren 31n, berriz, ostiralez, Flyscha haurrekin familientzako tailerra egingo dute, 16:00etan, Mutrikuko Nautilus gela didaktikoan. Euskaraz egingo den ekimena doakoa da eta aurrez izena eman beharra dago labur.eus/haurrak loturan, #haurrak kodea erabilita.
Europako Geoparkeen Astea bukatzeko, ekainaren 1ean, igande goizean, Biotop irteera egingo dute. Goiz osoko irteera hau Mutrikuko Mijoa industrialdeatik abiatuko da, goizeko 10:00etan, eta Artzainerreka bailarako parajetan zehar ibiliko da. Bisitan parte hartzeko aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da labur.eus/biotop2025 loturan edo telefonoz Mutrikuko turismo bulegoan (943-60 33 78).