Gaurko norgehiagoka irabaztea ez da nahikoa izan Zumaiakorentzat Euskal Ligarako txartel zuzena eskuratzeko garaian. Etxeko taldeak 6-1 hartu du mendean Touring, arratsaldean Aita Mari futbol zelaian jokatutako neurketan; hala eta guztiz ere, Emakumeen Ohorezko Erregional mailan bigarren postuan amaitu dute, eta play offean neurtu beharko dituzte indarrak Euskal Ligara igotzeko.
Amestutako igoera lortzeko egin beharreko guztia egin du talde gorriak, baina jakin bazekien Antiguokoren eta Oiartzunen arteko partidako emaitza erabakigarria izango zela. Antiguokok 3-2 irabazi du partida hori, eta sailkapen orokorrean lehen postuan amaitu du, 66 punturekin —Zumaiakok 64 ditu—. Sailkapen orokorrean goialdean zegoen Intxaurdik, berriz, berdindu egin du Bergararen aurka (2-2). Beraz, Antiguoko da Euskal Ligara zuzenean igoko den taldea.
Hori horrela, honela geratu da sailkapena: 1. Antiguoko, 2. Zumaiako, 3. Oiartzun eta 4. Intxaurdi.
Agur bikoitza
Eskerrak emateko tarterik ere izan da Aita Mari futbol zelaian. Izan ere, ibilbide luze baten ostean, Zumaiakoko bi kapitainek futbola uztea erabaki dutela iragarri dute: Jule Gorostolak eta Ane Osak, hain justu ere.
Merezitako omenaldi beroa egin diete bi jokalariei. Hunkituta, lore sorta eta argazki bana jaso dute Osak eta Gorostolak zelaian, taldeko, klubeko zein harmailetan bildu den lagun guztien txalo zaparradaren artean.