Kalean da 'Nagusiekin nagusiontzat' programa

Intza Trula 2025ko mai. 18a, 15:00

Nagusien Mahaiko zenbait ordezkari. (Zumaiako Udala)

Datorren astean abiatuko dute Zumaiako Udalak eta Nagusien Mahaiak lankidetzan ondu duten programa. Adinekoentzat hitzaldiak, tailerrak eta jokoak antolatu dituzte, maiatzetik azaroa bitartean.

Nagusiekin nagusiontzat adineko herritarrei zuzendutako programa oparoa ondu dute Zumaiako Udalak eta Nagusien Mahaiak elkarlanean. Atzo aurkeztu zuten egitaraua Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak, Udal Gizarte Zerbitzuetako arduradun Pili Alberdik, Beheko plaza elkarteko kide Arritxu Bidasorok eta Felix Idigorasek eta Osasun zentroko erizain Eli Granadok.

Besteak beste, adinekoentzat hitzaldiak, tailerrak eta jokoak antolatu dituzte, eta egitarauaren eskuorria ere kaleratu dute. Zehazki, maiatza eta azaroa bitartean izango dira jarduerak, eta, hain justu, lehen hitzorduak datorren astean izango dira: maiatzaren 20an, Musika Eskolako ikasturte amaierako ekitaldira elkarrekin joateko deialdia egin dute, eta maiatzaren 22an uda garaian norberak bere burua nola zaindu behar duen jakiteko aholkuak emango dituzte Zumaiako osasun zentroko langileek.

Horrez aparte, ekainaren 15ean aurten 90 urte bete dituzten zumaiarrak omentzeko ekitaldia egingo dutela ere aurreratu zuten. Halaber, aste batzuk lehenago, ekainaren 3an, Maite Aizpurua aktoreak eta Oihana Rodriguez musikariak irakurketa musikatua eskainiko dute. Azkenik, Tipi-tapa programaren topaketa Zumaian egingo dutela jakinarazi zuten, ekainaren 11n; Azpeitiko, Zarauzko eta Zumaiako Tipi tapa taldeko kideak Zumaian elkartuko dira egun horretan, herriko egoitzetako egoiliarrekin eta ikasleekin batera herrian ibilaldi bat egiteko.

Hori horrela, datorren astean zehar etxe guztietara bidaliko dute Nagusiekin nagusiontzat programaren eskuorria; hala eta guztiz ere, online irakurri nahi dutenek ondorengo lotura honetan kontsulta dezakete.

Ekintzak urte osoan zehar

Nagusiekin nagusiontzat programa berezia aurkezteaz aparte, adinekoei bideratutako urte osoko programa ere martxan dagoela gogorarazi zuten. Esaterako, asteazkenero ordubeteko ibilaldia egiteko biltzen dira herriko zenbait adineko, memoria lantzeko tailerra irailean hasiko dute eta Itsasargia zerbitzua ere martxan dago. Gainera, KZGunean doako informatika ikastaroak eskaintzen dituztela gogorarazi zuten.

Halaber,, Zumaiako Udaleko ordezkari eta teknikariek oroitarazi zuten Udal Gizarte Zerbitzuetan adinekoei edo familiei informazioa eman, balorazioa egin eta baliabide eta prestazio egokietara bideratzeko aholkularitza eskaintzen dutela.

Elkarlanaren fruitua

Elkarlanean prestatutako programa da Nagusiekin nagusiontzat: Zumaiako Udalak eta Nagusien Mahaiak elkarlanean antolatu dute egitaraua, Zumaiako bestelako elkarteekin eta eragileekin batera. Horien artean daude, esaterako, Musika Eskola, Zumaiako Osasun Zentroa eta Beheko Plaza elkartea. Elkarte horiek Nagusien Mahaian biltzen dira.

Nagusien Mahaia 2012. urtean sortu zuten, Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bultzatuta, Ordutik, espazioaren helburu nagusia izan da adinekoen beharrak identifikatzea eta horiei erantzuna ematea. Zumaiako Udaleko eta herriko baliabideetako ordezkari, boluntario eta senideek osatzen dute taldea, eta herritar oro batu daiteke. Herri mailan, nagusien inguruan landu daitezkeen gaiak aztertu, baloratu, proposatu eta bideratzen dituzte bertan, proiektu eta programak elkarrekin bultzatuz.

Hala, gaur egun Beheko plaza elkarteak, Nagusilanek, Pentsiodunen Plataformak, adinekoentzat lan egiten duten entitateek, Otezuri egoitzak, San Juan egoitzak, Osakidetzak, Zumaiako Osasun Zentroak, zaintzaileek eta familiartekoek, udal sail desberdinetako teknikariek, eta udal ordezkariek parte hartzen dute bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide