Astelehenean ekingo diete Estazio kaleko berrantolatzeko lanei

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 16a, 15:00

Estazio auzora eramaten duen pasabidea. (Juan Luis Romatet)

Lanen barruan, hondakinen edukiontziak lekuz aldatuko dituzte, eta errotonda txiki bat ere jarriko dute auzotik igarotzen den trafikoa moteltzeko. 

Astelehenean hasiko ditu udalak Estazio kalerako diseinatutako lanak. Obra hauen helburua, udalaren arabera, Estazio kaleko eremua berrantolatzea eta espazio publikoa herritarren beharretara egokitzea izango da. "Egingo diren eskuhartzeek helburu bikoitza dute: alde batetik, bizilagunek azken hilabeteetan egindako eskaerei erantzutea, eta bestetik, espazioaren erabilera publiko eta segurua bermatzea", gaineratu du. 

Batetik, hondakinen edukiontzientzako gune berri bat sortuko dute. Estaziora bidean, saihesbidearen azpitik doan tunela eta gero dagoen plazatxoa herritarren erabilerarako utzi nahi du udalak. Horregatik, han dauden edukiontziak tren estazio ondoan kokatuko ditu aurrerantzean. "Horretarako, Hego kaleko 12. atariaren ondoko dagoen espazioa egokituko da. Lan hauen ondorioz, hiru aparkaleku desagertuko dira. Desgaitasuna dutenentzat gordetako aparkalekua lekuz aldatuko da, eta honakoaren irteera egokituko da", azaldu du.

Bestalde, tren geltoki aurreko biribilgune margotuaren ordez errotonda fisiko bat eraikiko dute. Udalaren ustez, biribilgune margotuak ez du egun bere funtzioa betetzen, ibilgailuak haren gainetik igarotzen direlako. "Horregatik, ibilgailuen norabideak antolatu, biratzeak segurtasunez bideratu eta abiadura murrizteko helburuz, isleta fisiko bat eraikiko da".

Horiek guztiarekin batera, Lagun Artea tabernatik Nardinera arteko aparkalekuak bertakoentzat izango dira aurrerantzean. Neurri horrekin, Hego kaleko bizilagunei lehentasuna eman nahi dietela ere iragarri du udalak.

Eragina auzoko trafikoan

18.192 euro erabiliko ditu udalak aipatu lan horiek egiteko. Aurreikuspenak betetzen badira, lanak hiru asteko epean amaitzea aurreikusten du. Jarduera horiek kaleko trafikoan eragina izango dutela ere iragarri du udalak, tartekako trafiko etenak egongo direlako. Oinezkoen joan-etorrian, ordea, ez du eraginik izango. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide