Norentzako ote zen Zumaian utzitako zigilu bilduma?

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 14a, 12:00

Esploratzaileen edo animalien ingurukoak dira zigilu batzuk. (Juan Luis Romatet)

Bikote batek 1980ko hamarkadako Australiako zigiluak utzi zituen duela egun batzuk Zumaiako Turismo Bulegoan. Udal zerbitzuan ez dakite norentzako diren zigilu horiek.

Egunero informazio bera edo antzerakoa ematera ohituta daude Zumaiako Turismo Bulegoan. Non hartu daiteke ostatu herrian? Non jan ondo? Zein da flyscha ikusteko punturik egokiena? Baina noizean behin sorpresaren bat ere hartzen dute Zumaiako udal zerbitzuan. Duela egun batzuk, bikote batek poltsa bat utzi zuen bertan. Barruan, zigilu bilduma bat zegoen.

"Baionara bidean zihoan bikote bat zen", du gogoan Patxi Otxoa Zumaiako Turismo Bulegoko langileak. "Poltsa bat utzi zuen bulegoan bikoteak, eta esan zigun dagoeneko hemen bizi ez den norbaitentzako zela. Dirudienez, ez zuten poltsa beraiekin eraman nahi". 

Poltsa zabaldu, eta zigilu mordoarekin egin zuen topo Otxoak. "Ikusita zer zegoen barruan, posta bulegora eramatea proposatu nien, baina ez zuten nahi izan; nahiago zuten kultur arloko eraikin batean utzi", dio. "Jendea zegoen zain, eta ez nien izena hartu, ezta zigiluak norentzako ziren galdetu ere», damu da langilea. "Esan zidaten hona etortzen ziren laugarren urtea zela. Hori da dakidan bakarra".

Jone Esnal turismo teknikariak badu bikote hori nor den susmoa. "Aurretik ere etorri izan dira, nik uste dudan bikotea baldin bada behintzet. Emakume bat eta gizon bat dira, eta oporretan etorri izan dira. Ingurune hau maite dutela eta, behin baino gehiagotan etorri izan dira. Beste herri edo hiri batzuetara joaten lagundu izan diegu".

1980ko hamarkadakoak

Australiar jatorriko zigilu bilduma gordetzen du plastikozko poltsa horrek, eta denak 1980ko hamarkadakoak dira. 1981ekoak dira zaharrenak eta 1986koak berrienak. Denak ere erabili gabeak dira, eta paperezko poltsa txikietan gordeta daude. "Ez dira erabalitakoak, eta ondo gordeta eta babestuta daude", adierazi du Otxoak.

Australiako posta zerbitzuak ateratako poltsa txikiak dira, eta "filatelia dibertigarria da" eta "zigilu bilduma dibertigarria da" bezalako ingelesezko mezuak daramatzate idatzita, garbi utziz zigilu bilduma egitea zaletasuna dutenei zuzendutakoak direla. Serie txikikoak dira batzuk; arrazoi konkreturen baten bueltan ateratako eta erabiltzeko prest dauden gutunazal batzuetara itsatsitakoak besteak.

Ozeaniako lurralde horri lotutako gaiak jasotzen dituzte zigiluek: Australiako animaliak eta tximeletak, margolariak, urre bilatzaileen aroa, hegazkinlari eta kirolari ezagunak edo Australia eta Zeelanda Berriaren arteko harreman ekonomikoa hurbiltzearen aldekoak. Badaude urteurren jakin batzuen inguruko zigiluak ere: farmazia hezkuntza hasi zuten mendeurrenekoa, posta hegazkinez banatzen hasi ziren 50. urteurrenekoa edo Australiako egunekoa –horietako bat, 1986koa–. Erresuma Batuko erregina Elizabeth II.aren urtebetzeari lotutako edo Charles printzearen eta Diana Spenceren ezkontzako zigiluak ere badaude.

Zigiluak gorde egingo dituzte bikotea berriro itzultzen bada ere Zumaiara. Galdera honako hau da, ordea: norentzako ote zen australiar jatorriko zigilu bilduma hori?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide