Larunbatean zabalduko dute Flysch Trail mendi lasterketarako izen ematea

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 12a, 14:57

Iazko Flysch Traileko irudia.

Urriaren 5ean korrituko dute aurtengo lasterketa. Azken urteotan bezala, bi distantziaren artean aukeratu beharko dute korrikalariak. Izen ematea larunbatean goizeko 10:00etan irekiko dute, kronoak.com webgunean, eta lekuak minutu gutxiren epean ahituko direla espero da. 

Udazkenean korrituko da aurtengo Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Urriaren 5ean, hain zuzen ere. Azken urteotan egin bezala, bi distantziaren aukeratu beharko dute korrikalariek: 24 kilometroko lasterketa luzea, eta 14 kilometroko karrera laburra. Lehena goizeko 9:30ean abiatuko da Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta bigarrena ordu erdi beranduago, goizeko 10:00etan. 

Guztira, 650 lagunentzako lekua izango da aurtengo edizioan. Izen ematea, datorren larunbatean, hilaren 17an, goizeko 10:00etan zabalduko dute kronoak.com webgunearen bitartez. 400 lagunentzako lekua egongo da lasterketa luzean, eta 250 korrikalarientzako karrera laburrean. Luzean aritzeko 25,75 euro ordaindu beharko dira pertsonako, eta motzean, aldiz, 15,45 euro.

Iazko esperientzia errepikatzen bada, lekuak minutu gutxiko epean ahitu ziren. Hala ere, izen emateko azken eguna irailaren 28a dela ere argitu du udalak. 

Adin txikikoak eta aniztasun funtzionalekoak

Adin txikiko kirolarien kasuan (14 eta 17 urte bitartekoak), derrigorrezkoa izango dute Adingabeen baimena dokumentua egoki bete eta izen emate plataformara igotzea. Dokumentu hori izen emate plataforman edota zumaiaflyschtrail.eus webgunean.

Aniztasun funtzionala duten kirolarien kasuan, izen ematea info@zumaiaflyschtrail.eus posta elektronikora mezu bat bidalita egin beharko dute. Bertan, datu pertsonalak (izen-abizenak, adina, jaioterria, telefono zenbakia), aniztasuna ziurtatzen duen agiria, eta proba egin ahal izateko dituen beharrak azaldu beharko dituzte. Antolakuntza harekin jarriko da jarraian harremanetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide