Urtean zehar antolatzen dituzten piraguismoko Munduko kopetatik lehena jokatuko dituzte datorren ostiraletik aurrera Hungariako Szeged hirian. Txapelketa maiatzaren 16tik 18ra bitartean jokatuko dute, eta iazko Parisko Olinpiar Jokoen ostean egingo duten nazioarteko lehen proba garrantzitsua izango da. Proba gisa ere ikus daiteke aurtengo abuztuan Milanen (Italia) jokatuko duten Munduko txapelketara begira.
Hungariara bidaiatuko dutenen artean Iñigo Peña palista zumaiarra dago. Sailkatze estropadak gainditu, eta Munduko koparako txartela lortu zuen Peñak. Hungariako hitzorduan banakako proban arituko da, 1000 metroko distantzian.
Selekzioa osatzeko hautaketa probetan bigarren egin zuen, bere kide eta lagun Cubelosen atzetik. Biek ekingo diote ostiralean kanporaketa lasterketei, eta, sailkatuz gero, finalerdiak eta finalak izango dituzte.
Bi Olinpiar Jokotan parte hartu du Peñak, Rio de Janeiron (Brasil) k4 1000 metrotan, eta Tokion (Japonia) k2 1000 metrotan. Parisko jokoetatik kanpo geratu ondoren, bide eta helburu berrien bila abiatuko da Munduko Kopa honetan.
"Itxas-Gain talde guztiaren animo eta babesa ez zaio faltako erronka berri honetan", azaldu dute Zumaiako piraguismo klubeko lagunek.