Gipuzkoako trainerilla liga eta txapelketa irabazi dituzte Orioko eta Zumaiako ontziek

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 12a

Orioko arraunlariak Gipuzkoako txapelketako banderarekin.

Larunbatean liga amaituta, igandean jokatu zuten Pasaian Gipuzkoako trainerilla txapelketa. Oriok eta Zumaiak bandera bana eraman zituzten etxera, maila absolutuan. 

Hasi eta berehala amaitu dute Gipuzkoako trainerilla liga. Maiatzaren 1ean jokatu zuten Gipuzkoako ligako lehen jardunaldia Pasai San Pedron, eta hamar egun geroago eman diote amaiera, Mutrikun, laugarren eta azken jardunaldiarekin. Igandean Pasaian (Gipuzkoa) jokatuko zuten Gipuzkoako txapelketarako sailkatze estropada ere izan zen larunbatekoa. 

Eskualdeko ontziek bi bandera erdietsi dituzte Gipuzkoako txapelketan. Oriok gizonetan, maila absolutuan, eta Zumaiak, maila absolutuan baita ere, baina emakumeetan. 

Oriotarrek 13:23,75 denborarekin irabazi zuten beraien estropada, Hondarribia, Donostiarra eta San Juan atzean utzita. Zumaiako emakumeak, berriz, Tolosaldeari, San Juani eta Hibaikari gailendu zitzaien. Ziaboga onenaren saria ere jaso zuten Zumaiakoek. Emakumeetan, baita ere, Zumaiako kadeteak laugarren izan ziren Gipuzkoako txapelketan

Getariak ere parte hartu zuen igandeko estropadan, gizonetan, jubenil mailan. Hirugarren izan ziren getariarrak estropada horretan.

Txapelketekin jarraituta, datorren igandean Euskadiko trainerilla txapelketa jokatuko dute Ondarroan (Bizkaia), eta bertan arituko dira eskualdeko ontziak.

Liga amaituta

Larunbatean bukatu zuten aurtengo Gipuzkoako trainerilla liga, Mutrikun jokatutako arraunketa saioekin. Oriok garaipenak erdietsi ditu gizonetan, bai Ligan, bai Kopan. 

Zumaiako ontziek lan ederra egin dute aurtengo denboraldian. Emakumeak lehenak izan dira maila absolutuan eta bigarren kadeteetan. Gizonak, berriz, hirugarren izan dira absolutuan, Kopan, eta seigarren Ligan.

Getaria laugarren izan da gizonetan, jubenil mailan. Zarautz, aldiz, bosgarren izan da gizonetako maila absolutuan Ligan, eta zazpigarren Kopan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide