Euriak ez du itzaldu santelmoetako txupinaren sua

Julene Sorarrain 2025ko api. 26a, 16:54

Eguraldia lagun izan ez duten arren, zapi zuri urdina eta alkandora soinean, zumaiarrek hasiera bikaina eman die San Telmo jaiei. Txupinaren ostean, hamaiketakoaz eta bertso emanaldiaz gozatu dute. Arratsaldean, berriz, elektrotxaranga, Dj saioak eta dantzaldia izango dira. 

Udal Txistulari Bandaren kalejirak esnatu ditu gaur goizean zumaiarrak, izan ere, goizean goiz atera dira txistulariak San Telmo jaiei hasiera emateko asmoarekin. Eguraldia lagun izan ez duten arren, zapi zuri urdina eta alkandora soinean, ehundaka herritar igo dira San Telmo ermita alboko zelaira, festei hasiera ematen dien txupina ikustera.

Txupina lehertu bezain laister, zapia lepoan jarri eta Itxas Gain elkarteak prestatutako hamaiketakoa jatera jaitsi dira. Txorizo pintxoa eta sagardo basoa eskuan, trikitilariek eta Bertso Eskolako ikasleek eskainitako emanaldia entzun dute bertaratu direnek. 

Euri zaparradatik ihesean, Musika Eskolako gaztetxoen dantza emanaldia Zumaienako aretora pasa dute, eta eserlekuak goraino beteta, euskal dantzen emanaldia eskaini dute ikasleek. Goizeko ekintzak amaitu ostean, gazte bazkariari ekin diote energiak berreskuratzeko. Festa ez da hor amaitzen, ordea, arratsaldearen ere izango da ospakizunik: Hamarru elektrotxaranga kalejiran, haur jolasak, Dj saioak, kontzertuak eta dantzaldia. Hemen ikusi daiteke jaietako egitarau osoa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide