Euskaraldia 2025

Euskaraldia bizitzeko errealitate guztiak erakutsi nahian

Julene Sorarrain eta Usua Garin 2025ko api. 26a, 10:58

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Euskaraldiaren Zumaiako hamaikakoa, kofradiaren parean. Herritarrek aurtengo taldea osatu duten kideak ezagutzeko aukera izan zuten, eta aurkezpenaren ostean, Astindu dantza taldeak dantzan eta kantuan jarri zituen zumaiarrak. 

San Telmo jaien atarian, hainbat herritar gerturatu ziren atzo arratsaldean kofradia aurrera, aurtengo Euskaraldiaren Zumaiako hamaikakoa ezagutzera. Getariako eta Zumaiako dinamizatzaile Maddi Etxaberen gidaritzapean, 11 laguneko talde anitza ezagutzeko aukera izan zuten zumaiarrek atzo. 

Hori horrela, Zumaiako hamaikako kideek "esperientzia indibidual zein kolektiboak" erakusten dituzte. Hurrengo hauek osatu dute aurtengo taldea: Garazi Artola (Zumaian bizi den Usurbildarra eta kirola pasio duena), Jokin Gorostola (Zumaiako eskola kiroleko arduraduna), Irati Arakistain (bertsolaritzako irakaslea), Felixe (Nicaraguatik datorren tabernaria), Eire Salegi (Eire musika taldeko partaidea), Carmen (AEK Euskaltegiko ikaslea), Leire Esnal (pala egokituko pilotari eta futbolaria), Telmo Irureta (herriko aktore eta humoregile ezagunenetakoa), bederatzigarren kideak, Musinek, ezin izan zuen aurkezpenera gerturatu baina bere ordez Onintzak hartu zuen hitza, Maitane Urbieta (kazetaria) eta Xebe (Balenciaga ontziolako langile ohia).

Aurkezpenean aipatu bezala, hamaikakoaren errealiteate ezberdinen argazkia irudikatzen ahalegindu dira, hamaika pertsonen artean "errealitatearen konplexutasun guztia" azaltzeko asmoarekin: "Euskaraldiak errealitate guztien hizkuntza praktiketan eragitea du helburu, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan. Aurtengoan elkar mugituz egingo dugula adierazi nahi dugu. Elkar mugitzeko, norbanakoaren errealitateetan ez ezik, entitateetako jardunean ere eraldaketak eragin behar dira". 

Hamaikakoa osatzen duen norbanako bakoitzaren helburuen eta erronken berri eman ostean, Astindu dantza taldearen txanda izan zen herritarrak dantzan eta kantuan jartzeko, aurtengo Euskaraldiko koreografia dantzatuz. Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta herritarrak parte hartzera animatu ditu gaurtik bertatik, ahobizi edo belarriprest modura. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide