'Ots' eta 'Scrooge eta mamuak' ikuskizunetarako sarrerak, dagoeneko eskuragai

Julene Sorarrain 2025ko api. 23a, 17:27

'Ots' dantza emanaldiko irudi bat. (Haatik)

Haatik dantza konpainiak eskainiko du Ots emanaldia, maiatzaren 9an. Scrooge eta mamuak antzerkia, aldiz, maiatzaren 11an eskainiko dute. Bi ikuskizunetarako sarrerak dagoeneko erosi daitezke. 

Zumaiako Udalak eta Kultura sailak antolatuta, bi ikuskizunez gozatzeko aukera izango da maiatza hasieran. Batetik, Haatik dantza konpainiaren Ots emanaldia ikusi ahal izango da Aita Mari aretoan. Maiatzaren 9an, 20:00etan, eskainiko dute eta joateko interesa dutenek hemengo lotura honetan edota turismo bulegoan eros ditzakete sarrerak, 8,30 euroren truke.

Martxoan aurkeztutako Ots dantza emanaldia, Herri Gogoa, Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoan islatutako mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzada modura sortu da. Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, berrehun diskotik gora argitaratzea lortu zuen, euskal kultura biziberritu eta berritzeko helburuarekin. Haatik Musikariak iazko azaroan kaleratu zuen Amaineman bere azken lana. 

Bestetik, Scrooge eta mamuak antzerkia maiatzaren 11an eskainiko dute, Aita Marin, 16:30ean hasita. Sarrerak hemengo lotura honetan edota turismo bulegoan eskuratu daitezke 4,25 euroren truke. 

Ikuskizuna Charles Dickensen Gabonetako ipuina lanaren egokitzapena da, Khea Ziaterren estilo paregabean sortua: film eszenikoa. Antzerkia, zinema eta panpinak uztartzen ditu Ebenezer Scrooge bankari berekoi eta diruarekin obsesionatuaren eraldaketa kontatzeko. Roberta bere enplegatuari egun librea ukatu ondoren, Marley bere bazkide zenaren mamuaren bisita jasoko du, eta honek bere patuaz ohartarazi eta hiru izpiritu bidaliko dizkio. Hauek iraganetik, orainetik eta etorkizunetik bidaia bat egitera eramaten dute, maitasuna eta eskuzabaltasuna berraurkitzen lagunduz. Azkenik, Scrooge biziz eta maitatzeko gogoz betetako pertsona bezala berpizten da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide