Beste urte batez, Gune Morea egongo da Saregile plazan San Telmo jaietan, Zumaiako Udalak eta Emakumeon Etxeak elkarlanean prestatuta. Biek ala biek jakitera eman dutenez, eraso matxistak salatzeko, arreta emateko eta protokolo feminista zabaltzeko nahiz gaiaren inguruko ekarpenak jasotzeko izango da postua.
Emagin elkarteko zenbait kidek emango dute zerbitzua postu horretan, santelmoetako ostiralean, larunbatean eta igandean (apirilak 25, 26 eta 27), baita repetizioetako ostiralean eta larunbatean (maiatzak 2 eta 3). Zehazki, 22:00etatik 01:00era egongo da zabalik postua.
Halaber, eraso edo jarrera sexista, LGTBI+fobiko zein arrazistak jaso dituztenak zein festa giroaren inguruko iritzi eta ekarpenak egin nahi dituztenak Gune Morera gerturatzera gonbidatu dituzte udalak eta Emakumeon Etxeak. Gainera, Gune Morean pegatinak, eskuorriak, txapak eta bestelakoak eskuratu ahal izango dituzte.
Festetan aske izatea, "guztion ardura"
Zumaiako Udalak azpimarratu nahi izan du "festak aske bizitzeko guztion ardura ezinbestekoa" dela. Ildo horretatik, herritar guztiei dei egin die eraso matxisten aurrean "konplizitatea alde batera utzi eta arduraz zein konpromisoz" joka dezaten.
Halaber, instituzioak gogorarazi du Udaltzaingoak gau osoko txandak egingo dituela festek irauten duten bitartean, eta behar izanez gero 943-14 32 33 telefonora deitu daitekeela. Horrez aparte, larrialdi zerbitzuetako telefono zenbakia ere erabilgarri egongo dela azaldu du (112).
Kontsumo arduratsua
Santelmoetan, indarkeria matxistaren aurkako prebentzio neurriak hartzeaz aparte, nerabeen artean alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina ere egingo du udalak.
Hain justu ere, AiLaket! elkarteko hezitzaileak kalean ibiliko dira San Telmo jaietako bi larunbatetan (apirilaren 26an eta maiatzaren 3an), eta kontzientziazio lanak egingo dituzte, 20:30etik 00:30era bitarte.