Kultur eta aisialdi arloan lan egiten duten elkarteen jarduna diruz lagunduko du beste urte batez Zumaiako Udalak, eta dagoeneko zabaldu du diru laguntzak eskatzeko epea. Instituzioak zehaztu du 2025eko ekitaldiak onartuko dituztela deialdian; hau da, dagoeneko egin diren jarduerengatik edota aurrerantzean gauzatuko direnenengatik eskatu ahal izango da laguntza.
Esparruei dagokienez, bi laguntza zehaztu ditu udalak: bata, musika eta dantza alorreko elkarteei zuzendutakoa, eta, bestea, kultura eta aisialdi alorrean lan egiten duten elkarteei bideratutakoa. Gaineratu duenez, urte osoko jarduerengatik zein ekitaldi puntualengatik egin daiteke eskakizuna.
Hori hala, proposamenak aurkezteko interesa dutenek apirilaren 26a izango dute horretarako azken eguna. Eskaera orria dagozkion eranskinekin batera aurkeztu beharko dute elkarteetako ordezkariek, Herritarren Arreta Zerbitzuan (udaletxean), Alondegian zein egoitza elektronikoaren bidez. Informazioa behar izanez gero, berriz, 943-86 10 56 telefonora deitu daiteke, Alondegiko bulegora, eta bertan argituko dituzte zalantza guztiak.