2025eko udal aurrekontuak ia hogei milioi eurokoak izatea onartu zuten iazko azaroan, baina herenegun, martxoko ohiko udalbatzan, aurrekontu horri 1,2 milioi euro gehitzea erabaki zuten urte honetan zehar zenbait proiektu finantzatzeko. EH Bilduko eta PSE-EEko hautetsien aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin egin du aurrera kredituaren gehikuntzak.
Udal Gobernuak azaldutakoaren arabera, aurtengo partidetan ez dago diru nahikorik gastuei aurre egiteko, eta udal zerbitzuen kalitatean horrek kalte nabarmenak eragingo lituzkeela iritzita, 1,2 milioi euro gehitzea proposatu zuten.
EAJren udal bozeramaile Iker Mardarasek hartu zuen hitza botoa eman ondoren, eta azaldu zuten jeltzaleentzat garrantzitsuak diren zenbait proiektu geratu direla gauzatu gabe. Horien artean dira aurrekontu parte hartzaileen prozesuan erabakitakoak, besteak beste, haur parkeen hobekuntza, pump tracka, -bidegorri sarea hobetzeko azterketa, igerileko naturala egiteko azterketa, adinekoen egoerari buruzko azterketa, lurzoruen erosketa eta garbitasuna eta herri txukuntasuna bultzatzeko kanpaina. "2023an garatu gabeko" beste bi proiektu ere aipatu zituen hark, estalpea eta eraikin publikoetako eguzki plaken ezarpena, hain zuzen.
Parte hartze prozesutik kanpo, "herritarrentzat garrantzi handia" duten bi proiekturen inguruan ere aritu zen Mardaras: Marianton parkeko eremu estaliaren gauzatzea eta kiroldegiko proiektuaren zuzendaritza. Azken horretan, aurrerapausorik ez emateaz gain, Udal Gobernuak 200.000 euroko laguntza galdu duela gaineratu zuen EAJren udal bozeramaileak.
Kreditu gehigarria, askotariko proiektuetara
Onartutako kreditu gehigarri horretako diru kopuru handiena hirigintzako azterlanetara, Komentuko ekipamendura, Brankako obretara, Algorri interpretazio zentroko lanetara nahiz Erkibeko lorategiko obretara bideratuko dute. Ondorengo taulan ikus daiteke kreditu gehigarria zer finantzatzera bideratuko duten eta zenbatekoa den proiektu bakoitzeko gehikuntza:
Proiektuak | Aurreikusitako inbertsioa | Gehikuntza | Behin betikoa |
Hirigintzako azterlanak | 25.000 | 119.089 | 144.089 |
Komentuko konponketak | 0 | 18.000 | 18.000 |
Komentuko ekipamendua | 50.000 | 105.000 | 155.000 |
Eraikin publikoetan hobekuntzak | 10.000 | 60.000 | 70.000 |
Hondartzetako instalakuntzetan hobekuntzak | 20.000 | 5.000 | 25.000 |
Hilerrian hobetze lanak | 0 | 35.000 | 35.000 |
Brankan hobetze lanak | 5.000 | 70.000 | 75.000 |
Arrangoletako moduluen alokairua | 0 | 2.032 | 2.032 |
Argiteri publikoa | 6.000 | 39.000 | 45.000 |
Lubaki kiroldegian konponketak | 20.000 | 25.000 | 45.000 |
Bide publikoen mantenua | 18.500 | 5.000 | 23.500 |
Frontoian hobekuntzak | 0 | 13.500 | 13.500 |
Itsas kiroldegiko garabia | 0 | 15.000 | 15.000 |
Oikiako frontisaren itxitura | 6.000 | 2.000 | 8.000 |
Ziskeren lokalean hobekuntzak | 0 | 12.200 | 12.200 |
Emakumeon Etxean konponketak | 0 | 2.500 | 2.500 |
Fielatoaren mantenua | 300 | 8.500 | 8.800 |
Hiri altzariak | 10.000 | 35.000 | 45.000 |
Artelanen berritzea | 5.000 | 7.000 | 12.000 |
Algorri interpretazio zentroko obra | 0 | 170.000 | 170.000 |
Bide publikoetan hobekuntzak | 82.200 | 72.500 | 160.700 |
Kiroldegiko eguzki plaken mantenua | 0 | 1.500 | 1.500 |
Hezkuntzako eguzki plaken mantenua | 0 | 600 | 600 |
Hezkuntzan hobekuntzak | 3.000 | 14.000 | 17.000 |
Igerilekuko tranpolinak | 0 | 26.000 | 26.000 |
Erkibeko lorategia | 0 | 330.000 | 330.000 |
Urola Kostako administrazio orokorra | 126.330 | 27.707 | 154.037 |
Moilaberriko gastuak | 0 | 3.000 | 3.000 |