Hitzaldia eta haurren jolasak izango dira Darahliren erakusketako azken egunetan

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 27a, 15:00

Saharar emakumeak tea prestatzen, Oporrak bakean kanpainaren amaierako ekitaldian, Zumaian. (Juan Luis Romatet)

Kanpalekuetako errefuxiatuen elikadura eta osasuna hobetze aldera landutako proiektuaren berri emango dute bihar arratsaldez. Larunbat goizean, berriz, haurrentzako jolasak izango dira. 

Urte garrantzitsua izango da aurtengoa Darahli elkartearentzako. Apirilaren 11n abiatuko da Zumaiatik hainbat gazte Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara eramango duen bidaia. 19ra bitartean, Tindoufeko (Aljeria) desertuko kanpalekuetan bizi duten errealitatea ezagutzeko parada izango dute, baita zenbait proiektu gauzatzekoa ere. 

Horren atarian, argazki erakusketa eta bestela ekintzak antolatu ditu Zumaiako elkarteak, eta haiei amaiera emango diete datozen egunotan, hitzaldi batekin eta haur jolasekin. 

Erresistentzia elikatzen: saharar herriaren proposamena elikadura hobetzeko argazki erakusketa izan da azken egunotan Oxford aretoan. Bertan, moringa izeneko landarea ekoiztuta, horrek hango bizilagunen elikaduran eta osasunean izandako eragina jasotzen du argazki bildumak. Erakusketa hori igandera bitartean bisitatu daiteke Alondegiko erakusketa aretoan, arratsaldez 18:00etatik 20:00etara. Bihar eta etzi eguerditan ere zabalik izango da, 12:00etatik 14:00etara.

Justu, proiektu horren inguruan jardungo du Arabako Seaden Lagunen elkarteko kide Geert Demonek, bihar (ostirala) arratsaldez, 18:30etik aurrera, Oxford aretoan. 

Larunbat goizean, berriz, umeentzako tailer eta jolasak izango dira Alondegiko Oxford aretoan, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Karetak edota gatz koloretuak egiten, edo henna aplikatzen arituko dira etzi.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide