Biologikoki, zein dira olagarroaren ezaugarriak?
Oso garrantzitsua da jakitea olagarroak oso bizitza ziklo laburra duela: normalean, urtebetera hiltzen dira. Emea, behin arrautzak jarri, haiek zaindu eta paralarbak (olagarro umeak) jaiotzen direnean, hil egiten da. Ez da lortu prozesu horretatik ateratzen denean berriro jaten hastea. Lau kiloko emea zuloan sartzen da arrautzak izatera eta zaintzera; hilabetez egoten da han, eta kilo bakarrarekin irteten du. Arrak ere zaharrak dira urtebeterekin, eta hil egiten dira. Ziklo labur horretan asko ikasten dute, oso argiak dira; beraien nerbio sistema bakarra da. Gauza asko daude olagarroaren inguruan oraindik ezagutzen ez ditugunak.
Urtebeteko epean asko hazten dira animalia horiek.
Jaten duten proteina kopurua eta gizentzen diren batez bestekoa ikusita, itsasoan edo planeta osoan, eraginkorrenak izango dira. Bizi diren baldintzen arabera, hilabetean kilo bat gizen daitezke. Horregatik esaten da ez duela zentzurik olagarro txikiak harrapatzeak, hilabetera kilo bat gehiago izango duelako.
Beste itsas espezie batzuk, lupia edo erreboiloa esaterako, lortu da arrandegietan jaio eta haztea.
Itsaso eta errioetan baldintza desberdinak daude. Espezie batzuk haztea oso erraza da. Adibidez, ur gezatako amuarraina haztea oso erraza da; arrautza handiak jartzen dituzte. Beste batzuk zailagoak dira, eta lortu da pixkanaka zooplanktonaren bidez espezie itsastar batzuk ugaltzea. Bestela oso zaila izango litzateke.
Zein da olagarroaren kasua?
Olagarroaren kasuan, urte askoan hura haztea lortu nahian aritu dira. Hemen dugun esperientziaren arabera, olagarroa gizentzea erraza da. Haitzera joan, olagarro txikia ekarri –demagun, 300 gramokoa–, hemen kubetetan sartu, eta irailean ekarritako olagarroak ekainerako lau kilo pisa ditzake. Emeak zuloan sartzen dira, arrautzak jartzen dituztelako, eta agian eme bakoitzeko 300.000 paralarba edo olagarro txiki izaten dituzte. Horraino, erraza da. Paralarba horiek artemia (krustazeo txikiak) bidez elikatuz ondo egoten dira, baina gerora beste elikadura bat behar dute. Pescanova enpresak duela urte batzuk esan zuen lortu zuela haztegietan olagarroak haztea, baina ez dakit komertzialki oso bideragarria den, oso garestia delako olagarroa haztea. Hemen lortu duguna da olagarro txikiak jaiotzea, eta gero itsasoan soltatu ditugu. Laborategietan lortu da bat edo beste haztea, baina modu komertzialean hori oso zaila da.
Paralarba horiek guztiak olagarro heldu bihurtuko balira, hortxe bukatuko litzateke olagarro eskasiaren arazoa.
Noski. Izaki itsastar ia guztien ugalketa estrategia ume asko egitea da. Horien guztien errekrutamendua –jaio direnetik urtebetera bizirik daudenen batez bestekoari deitzen zaio errekrutamendua– agian %1 da, edo milako bat. Hainbesteren artean asko da. Jaiotzen direnean itsaso ona, eguzki asko, alga asko eta zooplankton asko badago, errekrutamendu hori biderkatu egiten da, antxoarekin ikusi den bezala. Gaur egun kezka handia dago, bai hemen, baita Galizian ere, olagarro eskasiagatik.
Zein izan daitezke eskasia horren arrazoiak?
Faktore asko daudela uste dut. Kostaldean hiru urtez euri asko egiten badu, txarra da. Olagarroa oso sentikorra da, eta ur gezarekin hil egiten da. Beste faktore bat gehiegizko harrapaketa da. Zenbat nasa, zenbat sare erabiltzen diren arrantzarako... Olagarroek urtero egiten duten itsas hondotik kostalderako migrazio bertikala eteten dute horiek. Bere garaian, talde ekologista batzuek Ondarroa Hiru Milia akordioa sinatu genuen, eskatuz hiru itsas miliatik hona arrantza debekatzeko. Arrantza kostaldean egiten badute, horrek itsas habitata suntsitzen du. Horrez gain, kutsadurak ere bere eragina izango du. Urtebetean eskasia egotea normala izan daiteke, lehen ere gertatu izan da hori. Baina, olagarroak urtebeteko bizitza zikloa badu, bizpahiru urtean eskasia egotea kezkatzekoa izango da.
Olagarroaren arrantza mugatzeko edo murrizteko neurriak hartu izan dira Euskal Herrian.
Olagarroaren gaineko ikerketa gehiago egin dira laborategian itsasoan baino. Itsasoko daturik apenas dago, eta ez dakigu olagarroaren zer populazio dagoen hemen, Euskal Herrian. Galizian badituzte datuak, tonaka arrantzatzen dituztelako. Baina han ere asko jaitsi da arrantzatutako kopurua. Euskal kostalde guztian aplikatutako legediak dio pertsonako lehorretik olagarro handi bakarra hartu daitekeela. Horrek, nire ustez, ez du inongo eraginik. Bai, ordea, arrantzontzia hiru itsas miliatik haratago bidaltzeak eta kostaldea libre uzteak. Olagarroetan izango luke eragina, baina baita haien elikagaiak diren andarika edo karramarroetan ere.
Galizian olagarroaren arrantza debekatuta dute urteko garai batean. Zergatik ez da hori egiten hemen?
Galizian bi hilabetez dute debekatuta, maiatzaren hasieratik uztailaren hasierara. Garai horretan, hemen egiaztatuta dugulako, arrak eta emeak ugaldu egiten dira. Arrak esperma sartzen die emeei, eta horiek arrautzak jarri eta zaindu egiten dituzte. Jaiotako paralarbak itsasora joaten dira, eta eguraldia lagun bada, demagun bi mila olagarro joango direla itsas hondora. Falta diren ikerketak egin egin behar dira, baina agian ikerketa horiek esango lukete noiz jarri behar den debeku aldia. Ez dakigu funtzionatuko lukeen debekua ezartzeak, baina lagungarri izango litzateke.
Ikerketak egin eta gero ikusten baldin bada errekrutamendua oso txikia dela eta paralarba asko behar direla, horiek sortzea ekonomikoki bideragarria da. Ez, gero, olagarroa formatzea, baina olagarro txikiak edukitzea, horiei jaten ematea eta arrautzak jaiotzean paralarba horiek itsasoko puntu egokienetan soltatzea, hori ekonomikoki bideragarria da. Bederatzi hilabeteko lana izango litzateke. Hori ez da astakeria.