Hastear dira Moilaberriko tren geltokia eraberritzeko lanak

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 19a, 09:00

Moilaberriko tren geltoki zaharra, hesiz inguratuta. (Juan Luis Romatet)

Turismo Bulego berria kokatuko dute tren geltoki eta osasun zentro izan zen eraikinean. Haratago joanda, Zumaia eta Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzera emateko ate izatea nahi duela adierazi du udalak. Eraberritze lanak 11 hilabeteko iraupena izango dute, eta oinezkoen joan-etorrian eragina izango du.

Hastear dira Moilaberriko tren geltoki zaharra eraberritzeko lanak. Atzo hesitu zuten eraikinaren ingurunea, lanei ekin aurretik. Basadiko osasun zentroa egin aurretik Zumaiako anbulatorioa ere izan zen eraikinak Turismo Bulego berria, erakusketa gelak eta erabilera anitzeko espazioak jasoko ditu. Zumaiako Udalak ohar bidez azaldu duenez, eraberritze lanek 11 hilabeteko iraupena izango dute eta 2026ko otsailerako erabilgarri izatea espero dute. 

Geltoki zaharraren birgaitze lanek 1.008.528 euroko aurrekontua izango dute, eta kopuru horretatik heren bat (311.089 euro) jarriko du udalak. Gainontzeko kostua diru laguntzen bidez ordainduko dituztela azaldu du udalak: Europar Batasunak %47 finantzatuko du (494.093 euro) Next Generation funtsen bidez; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak 203.346 euro ere jarriko ditu, Euskal Kultura Ondarearen sustapenerako ematen dituen dirulaguntzen barruan. UTE TV Estudio Tenka estudioak diseinatu du birgaitze proiektuak, eta lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak S.L. enpresak egingo dituela ere iragarri du udalak.

Eragina zirkulazioan

Lanek eragina izango dute Moilaberriko plazatik igarotzen diren oinezkoen joan etorrian. Hala, obrengatik plazaren erdia inguru itxita egongo da, eta eraikinaren atzealdean dagoen espaloiaren zati bat itxi egingo dute. Oinezkoek Gernika parke erdian dagoen pasabidea edo Mendaro Marinela kaleko espaloiaren beste aldea erabili beharko dute. Itxiko ez dutena Arroarreka ibaiertzetik doan oinezkoen eta bizikleten bidea izango da. 

Komun publikoa itxita egongo da lanek iraungo duten denboran, eta ibilgailuen trafikoan aldaketarik  izango ez bada ere, inguru horretako aparkaleku batzuk kendu beharko dituztela ere azaldu du udalak. Jakitun dira obrek "eragozpenak sortzen dituztela", baina udalaren esanetan, "ezinbestekoak dira halako lanak behar bezala egiteko".

Turismo Bulego soila baino gehiago

Lan hauen bidez, eraikina herritarrei eta bisitariei irekitako gune publiko gisa berreskuratu nahi dutela ere azaldu dute birgaitzearen sustatzaileek. Behin lanak amaitutakoan, bertara lekualdatuko dute Turismo Bulegoa. Nabarmendu dute, ordea, Turismo Bulego soila baino, "Zumaia eta Geoparke osoa ezagutzeko ate" bihurtzeko helburua izango duela. "Geoparkerako sarbidea izatearekin batera,  bisitari eta turistak Geoparkearen eremu osoan ahalik eta modu orekatuenean mugitzea bilatzen du proiektuak, bisitariak Geoparkearen eremu osoak barnebiltzen dituen askotariko interes-lekuetara bideratzeko", nabarmendu dute.

Harrera guneaz gain, erakusketa edo interpretazio-guneak ere izango ditu eraikinak, baita lanerako bulegoak eta erabilera anitzetarako espazio bat ere. Zumaiako Industria-Ondarearen Informazio Zentroak (ZIIZ) bere leku propioa izango du Moilaberrin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide