Bizipen tailerrak emango dituzte martxoan eta apirilean, Guraso Eskolen barruan

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 4a, 13:49

Guraso Eskoletan aritutako gurasoak. (Zumaiako Udala)

Jon Urdineta psikomotrizistak saio bana emango du martxoan zein apirilean, Herri Eskolako psikomotrizitate gelan. Izena emateko epea ostiralean itxiko da. 

Guraso Eskolen ikasturtearen barruen, bi bizipen tailer emango ditu Zumaian Jon Urdineta psikomotrizistak. 0 eta 6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako jarduerak dira hauek, eta martxoan eta apirilean tailer bana eskainiko ditu. 

Martxoaren 18an, asteartea, Jolasa eta honen garrantzia izeneko tailerra emango du; apirilearen 1ean, berriz, asteartea hura ere, Agresibitatea eta identitatea, ezetza eta bere buruaren zaintza izeneko saioa eskainiko du. Biek ere bi orduko iraupena izango dute, eta 17:30etik 19:30era bitartean emango ditu Zumaiako Herri Eskolako psikomotrizitate gelan. 

Izen ematea zabalik dago Zumaiako Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, Branka eraikinean. Informazio gehiagorako, 943-86 22 00 telefonora deitu daiteke, edo brankaharrera@zumaia.eus helbidera mezua bidali. Matrikula 20 euro izango da. 

Haurrek bi erreferente dituzten kasuetan, biak etortzea gomendatzen dute. Izena ematerako orduan, aurreko urteetan parte hartu ez duten familiek izango dute lehentasuna. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide